Gamesako itxiera. Erreakzio gehiago

Guaixe 2010eko maiatzaren 11

Migel Sanzek astelehenean esan zuen Gamesarekin "erlazio ona" duela gobernuak eta enpresaeren "ondoan" lan eginen duela lana galduko duten 90 langileak taldearen Nafarroako beste lantegietan kokatzeko. Sanzek ere azaldu zuen langabezian geldituko diren 60 langileendako irtenbideren bat bilatzen saiatuko direla, "egungo azpiegituren berrindustrializazioa ekarriko duen ekimenen baten bidez". Sanzek nabarmendu zuen ez dagoela bere "eskutan" 150 langileendako konponbidea bilatzea. "Leialtasunez lan egiten uzten bazaigu, hori eginen dugu, Gamesak, beti egin duen moduan, gure lurrarekin konprometituta jarrai dezan saiatuko gara. Eta Altsasun sortutako arazoa konpontzeko prest egon dadin, beti egon den moduan". Espedientea onartu ondoren, Sanzek esan zuen: "Nafarroako Gobernuaren ardura politikoa da enpresarekin lan egitea espedienteak ahalik eta eragin txikiena izateko langileengan eta Altsasun". Jose Maria Roig Aldasoro kontseilariak adierazi du bere departamentua lanean ari dela kaleratutako langile ahalik eta gehien hartuko dituen jarduera bat Altsasuko Gamesako lantegira erakartzen. "Hori Gamesa beraren bidez (bere produktuen azpikontratazioa) edo beste enpresa batzuen bidez egiten ari gara". UPNko Carlos Garcia Adanerok penatuta zegoen Ministerioak "Nafarroak espedienteari buruz zuen iritzia kontuan ez hartzeagatik". Adanerok gehitu zuenez, "aurrera begiratu behar da. Interesatzen dena da ahalik eta langile gehien birkokatzea eta Nafarroako eskualde horretan enplegua sortuko duten politikak egiten jarraitzea". NaBaiko Patxi Zabaletarendako "oso berri txarra" da lantegia ixtea. Zabaletaren iritziz Nafarroa iparraldeak "premiazko berrindustrializazioa" behar du,  "Nafarroako Gobernuak konpontzen ez duen gaia" dela gaineratu zuen. Ministerioak Nafarroako Gobernuaren argudioak ere ez aipatzea nabarmendu zuen Zabaletak. NaBaiko eledunarendako "agerian uzten du gobernua agortuta dagoela eta gizartearendako ez dela baliagarria". PSNko Samuel Carok espedientearen erresoluzioak zapore "gazi-gozoa" utzi diela adierazi zuen, beste erabaki bat izatea nahiago zuelako. 90 langilek enpresan birkokatzea "positibotzat" jo zuen. Hala ere, sozialistak Gamesari ahaleginak eskatu zizkion, "gainontzeko langileek alternatibaren bat opa dezaten". CDNko Jose Andres Burgetek espedientea onartu izana berri "txar-txarra" zela esan zuen eta Nafarroako Gobernua "toki txarrean" uzten duela. Horregatik foru administrazioari eskatu zion "Sakanan izan diren enpresen itxieren eraginak murriztuko dituzten ekimenak martxan jartzeko". Industrializazio plana eta azpiegiturak hobetzea eskatu zuen. Enpresa ekimenak kokatzeko diskriminazio positiboaren alde agertu zen Burguete. Ezker Batuko Ion Errok aurreratu zuen Nafarroako Gobernuari galdetuko diotela Sakanarako berrindustrializazio plan bat beharrezkoa ote den. "Sakanan ezohiko neurriak beharrezkoak dira, eta orain are gehiago" gaineratu zuen Errok.