Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi erakundeek aurreko ostiralean sinatu zuten elkarlan hitzarmen horren helburuak dira: ingurumena mantendu eta hobetzeko edota aldaketa klimatikoaren eragina txikitu eta egokitzeko gizarte eta instituzio ekimenak sustatzea. Aurreko ostiralean sinatu zuten hitzarmena Altsasuko Udalak eta Cranak (Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa Fundazioa). Altsasuko Udalak eta Cranak sinatutako elkar hitzarmenak urte beteko iraupena izanen du, eta ez bada salatzen jarraitu eginen du. Hitzarmenaren jarraipena eginen duen batzordea sortuko da eta, gainera, urteko plangintza zehaztuko da. KonpromisoakHori lortzeko Cranak Altsasuko Udalari bere eskutan duen dokumentazioa eta erakusketak utziko dizkio. Horretaz gain, ingurumen eta energia kudeaketaren inguruan udalak eskatzen duen informazioa emanen dio. Udalari aholku ematearekin batera, ekimenen bat aurrera eman behar badu Cranak udal langileak ingurumen gaietan prestatuko ditu. Aldi berean, Cranak ere gai horiekin zerikusia duten herritarren parte hartzeari buruzko programa eta egitasmoetan laguntza emanen dio Altsasuko Udalari. Altsasuko Udalak, bestalde, ingurumenaren toki kudeaketa aktibo eta arduratsua egiteko konpromisoa hartu du. Agenda 21eko ekintza plana dagoeneko onartua dago. Bestalde, udal kudeaketan ingurumen kudeaketa hobetzeko planak ezarri eta garatuko ditu udalak. Horri lotuta, ur, energia eta paper kontsumoen kontrola eta jarraipena eginen du urtero.