Astelehena, Gamesako azken lan eguna

Guaixe 2010ko mai. 13a, 00:00

Enpresa batzordeak dio birkokatzeak "onartzen oso zailak" direla. Aldi berean, Nafarroako Gobernuaren eraginkortasun falta kritikatu du.

Gamesako enpresa batzordeak (ELA 6 eta LAB 2) asteazkenean azaldu zuenez, "kolpe latza" izan da lantegiaren itxiera ezagutzea. Hala ere, langileek lanpostuen defentsan egindako borroka "eredugarria" eskertu zuten. Espedientearen erresoluzioari dagokionez, "PSOEren Gobernuak Gamesaren presioei men egin die. Enpresaren interesak langileen eskubideen eta lanpostuen gainetik egon dira". Langileen ordezkarien ustez Altsasuko lantegia ixteko erabakia "politikoa" izan da. Enpresa batzordearen uztez "energia eolikoen negozioaren banaketan sakrifikatutako peoia izan gara. Eskrupulorik ez duten enpresen onurarako antolatutako jokoa". Gamesako enpresa batzordeak nabarmendu zuen "Nafarroako Lan Ikuskaritzak dio ez dagoela kontratuak hausteko inolako arrazoirik (kontratuak aldi baterako etetea proposatu zuen) Madrilgoak, berriz, enpresaren argudioak sutsuki berresten ditu". Lan Zuzendaritzak Nafarroako Lan Ikuskaritzaren txostenari kasurik ez egitea nabarmendu zuten ere.

Nafarroako Gobernuaren eraginkortasun falta
Gamesako langileen ordezkariak Nafarroako Gobernuarekin kritiko azaldu ziren. "Espedientea hemen erabakitzeko eskuduntzaren alde ez du inolako defentsa aktiborik egin". Enpresa batzordearen iritziz, "lantegia zabalik legoke Nafarroako Gobernuak jokabide pasiboa izan ez balu". Langileen ordezkarien iritziz Nafarroako Gobernua "inoiz ez da busti eta sekula ez ditu defendatu gure interesak". Enpresa batzordeak penagarritzat jo zuten "batzuk haien ardurak gainetik kendu nahi izatea, langileen ordezkarion bizkar utziz".Enpresa batzordeak ere PSNrendako hitzak izan zituen. Sozialisten bozeramaleak itxiera dela eta adierazitakoengatik "harrituta" agertu zen. "Lehenago entzun nahi genituzke haien alderdian eta Gobernuan eragiten, Gamesaren xantaiari kasurik ez egiteko eskatuz".

Berrindustrializazioaz
Lantegiaren itxiera jakin eta gero Nafarroako Gobernutik azaldu da lantegia eta eskualdea berrindustrializatzeko asmoa. Enpresa batzordeak horren inguruan ezer ez dakiela esan zuen asteazkenean. Gaineratu zutenez, "negoziazio mahaian dauden Gamesako kideek horretaz ezer ez dakitela diote". Enpresa batzordeak Nafarroako Gobernuko presidente Migel Sanzen eskutitza jaso du, lanpostuen galera arintzeko lan eginen duela esanez. Langileen ordezkariek Nafarroako Gobernuari "hitzak ekintzekin" betetzeko eskatu zioten. BirkokapenezGamesako langileek gaur 18:00ak arte dute beste lanpostu batean birkokatzea eskatzeko aukera. Enpresa batzordeak, hala ere, zehaztu du 90 postuak "onartzen oso zailak direla bizitokiz aldatu nahi ez dutenendako. Soilik Agoitzen (55) eta Imarkoainen (14) eskainitako lanpostuek dute benetako interesa".

Enpresa batzordeak ez daki zenbat langilek eskatu duten birkokatzea. Birkokapena onartzen duten langileek Altsasuko soldata mantenduko dute, baina lan eginen duten lantegiko lan ordutegi eta soldata baldintzekin. Lanaldia handituko balitzaie 3.000 euro arteko konpentsazio formula aurreikusi du Gamesak. Enpresak jasotako proposamenak aztertuko ditu "profilaren eta birkokatzeko preferentzien arabera", ondoren zein lantegitan lan eginen duten jakinaraziko die. Gamesa bera zenbait langilerekin harremanetan jarri da. Kaleratutako langileek, berriz, lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko kalte ordaina jasoko dute, 12 hileko mugarekin.

Itxiera
Astelehenean azken lan eguna eta asteartean itxiko da Gamesaren Altsasuko lantegia. 1996ko martxoaren 9an hasi ziren lan egiten lehen 15 langileak. Apirilean eta maiatzean beste 15na langile sartu ziren lanera. Gaur egungo 150 langileak izan arte. Hasiera guztiak bezala zaila izan zen eta langileek lan eskubideak lortzeko ahalegin handiak egin zituzten. Taldearen lehen palak Altsasun ekoiztu ziren. Fiberblade eta Gamesa izenekin martxan egon den urteetan lau pala modelo ekoiztu dituzte. 14 urteetan esperientzia handia bildu dute Altsasuko langileek. Horrek munduan barna irakasle gisa aritzea ekarri du. Gaur egun 32 langile daude Agoizko lantegia martxan jartzeko lan egiten. Altsasuko lantegiko ekoizpen eta kalitateak ere apartekoak ziren, enpresak jarritako helburuak betez eta kalitatezko palak eginez. Urte hauetan ere langileek lan-gaitzei aurre egin behar izan diete, eskumuturretako lesioak edo asma, esaterako.

20.000 baino gehiago
Esker eman zituen enpresa batzordeak, itxieraren kontra sinatu zuten guztiei.