Altsasuk duatloi proba antolatuko du lehenengoz

Guaixe 2010eko maiatzaren 14a

Sakana Triatloi Taldeak, hainbat talde eta entitateen laguntzarekin - Nafarroako Triatloi Federazioa, Dantzaleku-Sakana kluba, Sakanako Mankomunitatea, Nafarroako Gobernua eta Altsasuko Udala - I. Altsasu Razesa Duatloi Sari Nagusia antolatu du. Horrela, lehenengoz duatloi lasterketa hartuko du Altsasuk. Probak izen hori hartu du babesle nagusiena Razesa delako, baina beste babesle asko izan ditu duatloi probak, eta horregatik oso kontentu daude antolatzaileak. "Milesker babesleei proba hau errealitate izaten laguntzeagatik. Beti konplikatua da babesleak bilatzea, eta orain are gehiago" zioten proba aurkeztu zuten Isidro Asurabarrenak eta Xabier Ramirez de Aldak. Altsasukoa bi duatloi zirkuiturako baliagarria izango da: Nafarroako Zirkuiturako eta Vasco-Navarrorako, eta horretaz gain Nafarroako Sprint Distantziako I. Txapelketa izango da.  Sakana Triatloi Taldean 40 kirolari inguru aritzen dira, eta kirol honek zaletasun handia dauka. Kategoria txikiez aparte, orain arte soilik duatloi proba bakarra jokatzen zen Sakanan, Arbizukoa, baina hemendik aurrera Altsasukoa batuko zaio. "Altsasun geroz eta jende gehiago ibiltzen da duatloian eta zerbait antolatzea pentsatu genuen, Sakanan duatloia gehiago bulkatu eta Arbizuko proba osatzeko asmoz" azaldu zuten antolatzaileek. Sprint distantzia: 5 km-22 km-2,5 kmProba larunbatean jokatuko da, maiatzaren 15ean, 16:30etik aurrera. Sprint distantzia izango du, eta irteera eta helmuga Foruen plazan izango da. Lehenik eta behin Altsasuko Alde Zaharrean prestatutako 2,5 km-ko zirkuituari bi bira eman beharko diote korrika duatletek, segidan Iortia Kultur Gunearen aurrean dauden boxetan bizikleta hartu eta 22 km-ko distantzia osatzeko. Altamira igo beharko dute. Bukatzeko, bizikleta utzi eta 2,5 km-ko zirkuituari bira bat eman beharko diote korrika. Proba nolakoa den galdetuta, Isidro Asurabarrenak nabarmendu zuen azkarra baina zorrotza zela. "Txirrindularitza sektorea gogorra da, nahiz eta Altamira aparteko gaina ez izan, baina eremu guztian igo eta jaitsi ibili behar zara; gorabehera askokoa da". Duatleta altsasuarrak aipatu zuen edozein toki dela egokia proba jarraitzeko, baina boxetako trantsizio gunea akaso bereziena edo politena dela. "Txirrindula hartu eta uzteko une hori polita da ikusteko. Gainera, Altsasun oso gertutik jarraitzeko aukera izanen da". ArgibideakIzena ematea ostegunean despeditu zen eta horretarako www.navarratriatlon.com web gunera jo beharra zegoen. Federatuek 22 euro ordaindu behar zuten, eta federatu gabekoek 26 euro. Nolanahi ere, gehienez ere 200 parte hartzaileren muga du antolakuntzak. Bestalde, dortsalak Gure Etxeako beheko solairuan jaso beharko dituzte, 10:00etatik 13:30era edo 14:00etatik 15:45era. Proba hasi baino ordu bete lehenago materialaren kontrola pasa beharko dute duatletek. Proba bitartean edari hornidura izango dute eta bukatzerakoan, helmugan, edari eta janari hornidura izango da. Dutxak Zelandi kirol gunean izanen dituzte eskura. Zirkuitua itxitaProba behar bezala antolatzeko egunean bertan 30-40 pertsona egonen dira lanean. Zirkuitu guztia behar bezala seinaleztatua egonen da, eta proba gauzatzen den bitartean Altsasuko zirkuitutik ezingo dira ibilgailuak pasa. Gainera, bidegurutze guztiak eta beste ongi markatuak egongo dira eta antolakuntzako kideak izanen dira bertan, eremu guztia zaintzeko. Txirrindularitza proban ez da errepidea itxiko eta horregatik arretaz ibiltzeko deia egin zaie txirrindulariei, baina eremu konkretu batzuetan - Altamirako jaitsiera, Urdiain, eta San Pedro gunea - errepidea itxiko da. Horregatik, eta kale eta errepideen mozketek sor ditzaketen kalte eta eragozpenengatik barkamena eskatzen du antolakuntzak, segurtasuna zaintzea ezinbestekoa dela argudiatuz eta ahalik eta traba gutxienak sortzen saiatu direla azpimarratuz. SariakLehen gizonezko eta emakumezkoak: 200 euro + trofeoaBigarren gizonezko eta emakumezkoak: 125 euro + trofeoaHirugarren gizonezko eta emakumezkoak: 75 euro + trofeoaLehen juniorrek, lehen beteranoek eta lehen sakandarrek (gizonak eta emakumeak) trofeoa jasoko dute. Duatleta guztiek txirrindularitzarako mangitoak jasoko dituzte opari, eta horretaz gain babesleek oparitutako produktuen zozketak izanen dira. Informaziorakowww.sakana-mank.com eta www.navarratriatlon.com.Probaren xehetasunakForuen plazatik atera eta Alde Zaharreko kaleetan zig-zagean korrika ariko dira duatletak: Ferial, Santa Cruz, Soldaubide eta Amandrea kaleetatik Txioka ikastolara iritsi, eta San Pedroko Bidean, Germanaren aldapa baino lehen, bira hartu eta Zubeztia kaletik barna Gartzia Ximenez kalera iritsiko dira. Ibilbidea atzera ere errepikatu, eta bigarren buelta bukatzerakoan, Asensio denda eta Kaixo tabernaren arteko kaletik Iortia Kultur aurrean dauden boxetara iritsiko dira duatletak, korrikan 5 km osatu ondoren. Bertan bizikleta hartu, eta Akeita kafetegitik aterata eta Labaderoko aldapa jaitsita txirrindula tarteari ekinen diote. Altsasutik atera eta Olaztira bidean jarriko dira, Altamirako portua igo eta jaisteko. Ondoren Iturmendiraino helduko dira, eta bertan buelta hartu, eta Urdiain parean igerilekuetako bidea hartuko dute. Bertatik San Pedroko zelairantz abiatu eta Dantzalekuraino iritsiko dira, eta Iñigo Aritza ikastolako norabidean joz, Erburua kalean sartuko dira, Josefina Arregi zentrora helduz. Bertatik Zelai kalera aterako dira eta Gartzia Ximenez kalera helduta, Asensio eta Kaixo arteko kalexkan sartu eta boxetara joko dute bizikleta uztera, 22 km-ak osatuta. Azkenik, hasierako zirkuituari buelta bat eman beharko diote korrika, 2,5 km osatuz, eta helmuga Foruen plazan egongo da.