Txusporen unibertsoa Artiumen

Guaixe 2010eko maiatzaren 17a

Arte garaikidearen Gasteizko Artium museoan erakusketa berria mustu zuten larunbatean: Txuspo Poyoren U.N(iverse). Altsasuko artistak bi ideia uztartu ditu izenburuan: Nazio Batuen Erakundeko ingelesezko siglak (UN) eta Universal zinema estudioak. Bideoa, eskultura, marrazkia eta instalazioa lotzen ditu erakusketak. Haien bidez, Txuspo Poyok askatasunaren, gardentasunaren politikoaren eta parte-hartze demokratikoaren mitoak aztertzen ditu zinemaren, artearen eta arkitektura modernoaren zeharkako aipamenak eginez. UN(inverse) egungo sistema politikoaren jatorriari eta honek sortu dituen irudikapen moduei buruzko gogoeta da.AnimazioaErakusketako pieza nagusiak ematen dio izena erakusketari, UN(inverse) 3D animazio filmak. 19 minutuko animazioa da. Altsasuko artistak arkitekturaren, zinemako fikzioaren eta ideal politikoen arteko nahaste bat sortu du. NBEren Manhattango eraikina da animazioaren ardatza. Poyoren iritziz Le Corbusier eta Wallace K. Harrisonen eraikina batasun utopiko baten ikurra da. II. Mundu Gerraren osteko Gerra Hotzaren testuinguruan egin zela oroitarazten du. Artistak eraikinari begiratzen dio: banderak, pendulua eta kristalak ez dira falta efektu deigarriz betetako irudi horietan, Durero eta Picassoren artelanekin nahastuta. Ez da dokumentala, munduaren hauskortasuna aztertzen duen fikzio poetikoa, sakontasun metaforiko handiko irudi multzo trinkoa baizik. Txuspo Poyok hasiera batean elkarrengandik urruti daudela diruditen ideiak lotzen ditu artearen bidez. Animazioan ez ezik, erakusketan ere nabarmena da hori.ErakusketaIbilbide luzeko artista da Txuspo Poyo (Altsasu, 1963). Bilbon, New Yorken, Kanadan eta Ertamerikan lan egin du. Azken urteetan ikus-entzunezkoen esparruan murgildu da. Errealitatea eta irudimena, eguneroko bizitza eta artearen tradizio modernoa aipagai dituen lana osatu du. Ordutegia...Ekialde Beheko Aretoan, irailaren 5era arte. Asteartetik ostegunera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Ostiral, larunbat eta igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.