Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakana Triatloi Taldeak antolatutako I. Altsasuko Duatloia-Razesa Sari Nagusian 95 duatletek hartu zuten parte. "Eguraldi kaxkarra eta lehen edizioa zirela kontuan hartuz, kontentu gaude" zioen antolakuntzako kide Xabier Ramirez de Aldak. Proba antolatzeko honako erakunde hauen laguntza izan zuten: Nafarroako Triatloi Federazioa, Sakanako Mankomunitatea, Dantzaleku-Sakana kluba, Nafarroako Gobernua eta Altsasuko Udala. Altsasuko duatloia sprint distantzian jokatu zen, eta bi zirkuiturako baliagarria zen, Nafarroako Duatloi Zirkuiturako eta VascoNavarro zirkuiturako. Horretaz gain, Nafarroako Sprint Distantziako I. Txapelketa izan zen. Hotza zen nagusi, baina azken unera arte ateri egon zen, eta horrek lagundu egin zuen. Duatletak Foruen plazatik atera eta Altsasuko Alde Zaharrean barna antolatutako 2,5 km-ko zirkuituari bi buelta eman zizkioten korrika. Iortia Kultur gunearen aurrean zeuden boxetan bizikleta hartu eta 22 km-ko ibilbideari aurre egin zioten. Olazti aldera jo, Altamira portua igo eta jaitsi, eta Iturmendiraino joan ziren; han buelta hartu eta Urdiaingo igerilekuetako bidetik barna, San Pedro zelaira heldu eta Altsasuraino heldu ziren. Bukatzeko, zirkuituari buelta bat eman zioten, korrika. Raul Amatriain eta Beñat Arnaiz batera ibili ziren korrikako azken zatira arte. Onartu zutenez, uneoro errelebatzen aritu ziren, baina korrikako azken zatian aurrera egin zuen Raul Amatriainek eta bakarrik heldu zen helmugara (1:03:36), Arnaizi 20 segundo aterata. Amatriainek Altsasuko proba irabaztea eta Nafarroako Sprint Distantziako I. Txapelketa bereganatzea lortu zuen. Emakumezkoetan Ana Casaresek lortu zuen proba irabazi eta Nafarroako txapela janztea, nahiz eta "txispa" falta zitzaiola onartu. Dena den, 3 minutu pasa atera zizkon Yolanda Magallon bigarrenari. Sakana Triatloi Taldea, onenaSakandarrek primerako lana egin zuten. Francisco Javier Gomez altsasuarra hirugarrena izan zen helmugan (1:04:43), eta horretaz gain, lehen beteranoa eta lehen sakandarra izan zen. Urko Berdud gazte altsasuarra laugarrena sartu zen helmugan, eta probako lehen juniorra izan zen. Aipatzekoa da Sakana Triatloi Taldea talde onena izan zela, eta horren isla lehen 10 postutan aipatu talde sakandarreko 6 taldekide sartu ziren. 800 euro banatu ziren saritan, eta duatleta guztiek mangitoak jaso zituzten opari. Bestalde, antolakuntza lanean 50 pertsona inguru aritu ziren. Bidegurutze guztietan eta txirrindula proban, hornidura postutan, dortsalak banatzen, azpiegitura antolatzen eta beste aritu ziren. Sakandarren sailkapena 1.Raul Amatriain (Lagunak Saltoki): 1:03:39 3.Fco. Javier Gomez (Sakana T.T.): 1:04:43 (lehen beteranoa) 4.Urko Berdud (Sakana T.T.): 1:04:50 (lehen juniorra) 5.Javier Borrega (Sakana T.T.): 1:04:56 6.Felix Benjumea (Sakana T.T.): 1:05:05 8.Igor Flores (Sakana T.T.): 1:06:09 9.Jokin Lazkoz (Sakana T.T.): 1:06:38 15.Esteban Berdud (Sakana T.T.): 1:07:50 16.Isidro Asurabarrena (Sakana T.T.): 1:07:58 17.Juan Luis Maiza (Sakana T.T.): 1:08:27 19.Aitor Mozo (Sakana T.T.): 1:08:49 (bigarren juniorra) 24. Juan C. Gomez (Sakana T.T.): 1:09:23 42.Jose Ignazio Lazkoz. 1:12:56 45.Alberto Martinez (Sakana T.T.): 1:13:28 49.Juantxo Azurmendi (Sakana T.T.): 1:13:40 64.Peio Bergara: 1:20:24 67.Jose Ignazio Mikeo (Valle Egües): 1:21:17 *Oharra: sailkapenean ez da duatleten herria jasotzen, eta gerta daiteke, nahi gabe, sakandarren baten daturik ez ematea