Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean VII. Ironcat proba antolatu zuen Kataluniako Triatloi Federazioak Tarragonako L´Ampollan, iraupen luzeko proba gogorra. Aritu zirenek 3,8 km osatu behar izan zituzten igerian, txirrindula hartuta 180 km-ko distantzia, eta, bukatzeko, 42,2 km korrikan. Proba ikaragarria, beraz. 283 triatleta aritu ziren eta horietatik 210ek bukatu zuten. Tartean zegoen Sakana Triatloi Taldeko Mikel Lakuntza arbizuarra. Psikologikoki eta fisikoki oso gogorra izan zela adierazi du. "Ematen zuen ez zela inoiz bukatzen. Haizearen kontrako lehia ikaragarria zen eta sarritan pasatu zitzaidan burutik uztea. Baina eutsi esaten nion buruari eta bukatzea lortu nuen" adierazi du. Jendearen animoak eta berotasuna nabaritu zituen, eta oso proba polita izan zela nabarmentzen du. Irabazlea Daniel Fernandez izan zen (C.N. Prat Triatlo, 9:15:49). Mikel Lakuntza 101.a izan zen, eta proba bukatzeko 12 ordu, 34 minutu eta 32 segundo behar izan zituen, berak uste baino gehiago, baina haizeak guztiz baldintzatu zuen proba eta zaila izan zen helmugaraino heltzea. Dena den, proba bukatzea denbora ona egitea baino inportanteago zen arbizuarrarendako eta lortu du. Zorionak!