Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Koldo Arnanzen margo tailerra ez da atzokoa. Duela 20 urte ireki zituen ateak. Altsasuko margolariak modu berezian ospatu nahi izan du urtemuga. Urte hauetan bere ikasle izan diren guztiak gonbidatu ditu Altsasuko Iortia kultur guneko erakusketa gelara. Asteartean, 19:30ean mustuko dute erakusketa.Ikasleak bueltan20 urteko ibilbide luzean asko izan dira Koldo Arnanzen margo tailerretik pasatu diren ikasleak. Arabako lautadatik hasi eta Arakileraino, adin guztietako ikasleak gerturatu dira Koldoren tailer koloretsura. Ibilbide luzea egin dute ikasle batzuek; "giro ederra sortzen da taldean eta badira ia 15 urte daramatenak" dio Koldok. Beste batzuek, berriz, "denbora faltagatik akaso" urte bakarra egin dute. Batzuek zein besteek, Koldo Arnanzen tailerretik pasatako ikasle guztiek, Iortiako erakusketan parte hartzeko gonbitea jaso dute. Mezu berdina eman die denei: "ekarri zuri gehien interesatzen zaizun lana; batzuendako lehen lana izanen da bereziena mundu berri bat ireki ziolako, beste batzuendako landuena... Norbere irizpidea erabili dezala" dio altsasuarrak. "Erantzuna oso ona izan da" esan digu Koldok, "guztiek baietza eman didate". Erakusketa anitza osatuko dute guztien artean: teknika eta gai askotariko margolanak ikusteko aukera izanen da. HasieraUrtetan Altsasuko Iñigo Aritza eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastoletako irakasle izan zen Koldo Arnanz. Baina ikasketa planei lotuta, "ez nintzen iristen nahi nuena ematera" azaldu digu. Margolaritza talde murriztuetan emateko nahiarekin, ikastola utzi eta margo tailerra ireki zuen Altsasuko Nafarroa kalean. 20 urte geroago bertan jarraitzen du, "eta disfrutatzen gainera, gustuko dudanetik bizi naiz eta" dio Koldok pozik. FruituakUrteak ez dira nolanahi pasatu, eta altsasuarraren lana fruituak ematen hasi da. Esaterako, Koldo Arnanzen tailerrean eman zituen lehen pausuak Itziar Nazabal margolariak. Ez da izan Arte Eder ikasketen hautua egin zuen ikasle bakarra. "Niretako pozgarria izan da ikasleek artea lanbide izateko apustua egitea" esan digu Koldok. Haurren erakusketa udazkeneanAdin guztietako ikasleak ditu Koldo Arnanzek. Mustutzera doan erakusketan helduek parte hartuko dute. Baina txikienak ez dira haien lana erakutsi gabe geratuko. Koldo Arnanzek udazkenerako aurreikusten du haurren erakusketa.Erakusketa Koldo Arnanzen tailerrak 20 urte bete ditu. Denbora horretan bere ikasle izan direnak erakusketa gelara doaz. Nork bere margolan gogokoena eramanen du. Denetariko lanak izanen dira: ikatz-ziriz eginak, oleoak, teknika mistokoak eta denetariko gaiak landuko dituzte. Tailerraren ibilbidearen isla izanen da.OrdutegiaMaiatzaren 25etik ekainaren 13ra, asteartetik larunbatera 18:30etik 21:00etara eta igandetan 18:30etik 20:30era. Mustutze ekitaldia asteartean, 19:30ean.