Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Burunda kale inguruan musika entzun da azken ikasturtean, egoitza berria mustu baitu Altsasuko Musika Eskolak. Horren balantzea "bikaina" izan zela azaldu zuten Josu Estarrona zuzendariak eta Unai Hualde alkateak. Estarronak nabarmendu zuenez, "eskolako proiektua hazten ari da". Alkateak gaineratu zuenez, "guztia 2006an hasitako lanaren fruitua da". Altsasuko Musika Eskolako zuzendariak nabarmendu zuenez, eraikin berrian, "lehen aldiz, espezialitate bakoitzak ikasgela propioa dauka, dagokion ikasgaia erakusteko beharrezkoak diren instrumentu guztiak dituztenak". Guztiak intsonorizatuta daudela eta behar den bezala hornituta daudela ere nabarmendu zuen Estarronak. Zuzendariak ere gogora ekarri zuen bospasei urteko ikasleek musika eta mugimendua eskolak hartzeko espezifikoki prestatutako gela ere badagoela. Bestalde, talde ikasgaietarako erabilera anitzeko bi gela daudela nabarmendu zuen. Azkenik, bi ordenagailu dituen liburutegia arratsaldero zabalik dutela ere gaineratu zuen. Lantaldea egonkortuEraikinez aldatzearekin batera, bestelako prozesua ere hasi du Altsasuko Musika Eskola. Bere patronatuak irakasleria finkatzeko ahalegina egin du eta ikasturte honetan behin betiko lau plaza finko eman dira. "Eskolarendako onuragarria izan da proiektua modu egonkorrean garatzea ahalbidetzen duelako". Hurrengo urteetan bide horretan sakondu nahi du patronatuak. Musika pedagogiari begira, "ikaskuntza prozesuaren kalitatearendako onuragarriak diren unitate didaktikoak eta programazioak" sortzen hasi dira irakasleak. Horrek aldizka biltzea ekarri du. Gainera, ebaluazio notak kendu dituzte eta argibide boletinak sortu. Bestalde, klaustroa eta eskola kontseilua berritu dira. Azken horretan, estreinakoz, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen ordezkaritza sartu da. Bi aldaketaFuntzionamenduari dagokionez, heldu den ikasturteari begira bi neurri hartu ditu eskolak. Batetik, matrikula epe bakarra egotea, ekainean. "Ikasturtea behar den aurrerapenarekin antolatu ahal izateko" azaldu du alkateak. Beste aldaketa ikasgai bakoitzeko ikasleen kopuruari dagokiona da. "Heldu den ikasturtean plazak mugatzen ez diren azken urtea izanen da, 11/12 ikasturtetik aurrera espezialitate bakoitzerako plaza kopuru mugatua eskainiko baita". Osatu gabeko sinfoniaHalaxe definitu zuen Unai Hualde alkateak eskolaren finantziazioa. "Eskola proiektua egonkortzen eta hazten ari da. Ondorioz, aurrekontua ere bai". Alkatea Nafarroako Gobernuarekin kexu azaldu zen: "ez digu finantziazio egonkorrik eskaintzen eta bigarren urtez aurrekontua murriztu du". Musika eskolekiko Nafarroako Gobernuaren konpromisoa eskatu zuen Hualdek. "Garai batean gobernuak, udalak eta gurasoek finantziazioaren heren bana ordaintzen zuten. Aspaldi ez da horrela. Gobernuaren ekarpena asko jaitsi da eta udalak aurrekontuaren %60 estaltzen du". IkasgaiakAlboka, bateria, klarinetea, eskolania, gaita, gitarra, gitarra elektrikoa, akordeoia, baxua, haize metala (tronpa, tuba, bonbardinoa...) fanfarrea, biolina, musika-hezkuntza, musika eta mugimendua, saxofoia, talde instrumentala, trikitixa, txistua, pianoa/teklatua eta zeharkako txirula. Gaur egun 168 ikasle daude. Ate irekien jardunaldiaEkainaren 5ean, 10:00etatik 13:00etara, altsasuar eta sakandar guztiak gonbidatu dituzte.