Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hilaren hasieratik eta urtarrila bukaerara arte Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) berria indarrean izanen da Arfen. Espedienteak hurrengo zortzi hiletako 80 egun hartuko ditu eta langileen erdia erregulatuta egonen da. EEEn jaso da aurtengo eta heldu den urteko oporrak osorik hartzeko aukera izanen dutela langileek. Horretaz gain, aurtengo udako estra jasoko dutela (dagoeneko lan egindakoagatik irabazia dute) eta Eguberrietakoa lan egindakoaren arabera izanen dela dio espedienteak. Neurri horietatik kanpo gelditu dira 55 urte baino gehiago dituzten langileak. Prestakuntza plan bat ere jaso da espedientean. Nafarroako Lan Ikuskaritzak esaten zuenaren kontra onartu du Nafarroako Gobernuak Arfeko espedientea. Lan Ikuskaritzak txostena egin zuen espedientea ez onartzeko eskatuz, besteak beste, enpresak aurkeztutako kontuak ez direlako garbiak. Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuaren ustez, ordea, "enpresak bizi duen egoera koiunturala da" eta hortik aterako dela dio. Lisatzaile-lehorgailu baten ekoizpenean oinarrituta jarduera haziko dela dio Arfeko zuzendaritzak bere txostenean.ParlamentuanArfeko enpresa batzordea (UGTko 4, LABeko 2, ELAko 2 eta CCOOko 1) atzo Nafarroako Parlamentuan izan zen, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu batzordean. Langileek azaldu zuten ez zutela ulertzen departamentuak nolaz onartu zuen espedientea Lan Ikuskaritza kontra azaldu arren. Enpresako kontuak argitzea eskatu zuten langileen ordezkariek Parlamentuan. Horrekin batera, enpresarendako etorkizunerako plana ere eskatu zuten. Bilkuran haiek esandakoak harrera ona izan zutela esan digute langileek eta egiten dutenari begira egonen direla ere. Atzokoan Arfen goizeko lan txanda besterik ez zegoen. Langileek 10:00etaraino lan egin zuten. Haien ordezkariak Parlamentura joan ziren eta langileak enpresaren aurrean bildu ziren. Ondoren, udaletxe aurrera joan eta kontzentrazioa egin zuten. Jakinarazi zigutenez, heldu den astean prentsetan bi lan txandatan hasiko dira. "Jendea lanera hots egin dute, espedientea ez da behar. Aurrekoarekin gauza bera gertatu zen".