Gobernuak eskainitako gazteendako lantegi-eskola ez da bideragarria

Guaixe 2010eko ekainaren 9a

Altsasuko alkate Unai Hualdek jakinarazi digunez, Nafarroako Gobernuak apirilaren 21ean eskaini zion Altsasuri gazteendako lantegi-eskola. "Maiatzerako erantzuna eman beharra zegoen. Hain epe laburrean egitea ezinezkoa izan da, inbertsio handia dakarrelako". 20 gazte bi urtez lan arloan trebatzeko Nafarroako Gobernuak 531.154 euro jarriko lituzke. Unai Hualdek argitu digunez, udalak 580.000 euro bideratu beharko lituzke, aurtengo eta hurrengo bi urteetako aurrekontuetan jaso beharko liratekeenak. Alkateak gogora ekarri duenez, "Espainiako Gobernuak udalek heldu den urtean mailegurik eskatzeko debekua eman du. Lantegi-eskola eginez gero, dirutza hori aurten aurreikusitako lanak egiteko maileguari gehitu beharko genizkioke". Altsasuko Udalak aurten haur-eskola eta lau urteko planeko lanak egin nahi dituela aurreratu digu alkateak. Haien balioa milioi erdi ingurukoa da". Alkateak azaldu duenez, "une honetan tamaina horretako zorra pilatzea ez da zuhurra". Hualdek gaineratu du langabeziaren egoera dramatikoari ez diola erantzuten Gobernuaren proposamenak eta Sakanako ekonomia pizteko plan integrala eskatu dio, "jarduera zehatzak gutxietsi gabe". Bestalde, Unai Hualdek aurreratu du Sakanako zenbait udal enplegua sustatzeko ekimenak aztertzen ari direla, langabe guztiei zuzendutakoak; esaterako enplegu tailerrak. "Kostu gutxiago dute udalendako eta bat baino gehiagoren artean egin daitezke, toki erakundeen ekonomia egoera zaila baita". GobernuariAltsasuko alkateak Nafarroako Gobernuari gogorarazi dio Urdiain-Altsasu industrialdearekin luzatzen ari dela. Horretaz gain, salatu du foru administrazioak ez diela toki erakundeei "finantziazio egonkorrik ematen, bakoitzak bere errealitateari egokitutako planteamendua egiteko".