Hamabosgarrena

Guaixe 2010eko ekainaren 11

Burunda Txirrindularitza Taldeko Mendi Txirrindularitza Sailak guztia prest dauka igandean, ekainaren 13an, 15. Altsasu BTT edo Mendi Txirrindularitza Zeharkaldirako. Julian Claver arduradunak adierazi duenez, 1.000 pertsonarendako hornidura prestatu dute, baina 500 inguru izango direla pentsatzen du, eguraldiak hoztu duelako. "Asteazkeneko eguraldi iragarpenera itxaroten du jende gehienak, asteburuko datuak fidagarriagoak direlako. Eta iragartzen dutenaren arabera apuntatzen da jende asko" dio Claverrek. Altsasuko BTT zeharkaldia proba ez-lehiakorra da, eta helburua eskualdea erakustea eta bizikletarekin disfrutatzea da. Euskal Herriko egutegian finkatuta dagoen proba da, Nafarroako probetan zaharrenetarikoa da eta jende askok urtero errepikatzen du. "Parte-hartzaileetatik erdia baino gehiago gipuzkoarrak izanen dira, %30 inguru nafarrak eta gainerakoak Bizkaitik, Arabatik, Kantabriatik, Zaragozatik, Burgosetik, Errioxatik eta Frantziatik etorritakoak. Zergatik datozen? Gure eskualdea izugarri gustatzen zaielako; disfrutatzera datozelako" azaldu du Julian Claverrek. Txirrindulariak igandean goizeko 9:00etan abiatuko dira Altsasuko Foruen Plazatik eta antolakuntzak prestatutako 49 km-ak osatuko dituzte. Ibilbidea aldatu egin dute. "Horrenbeste pista, xenda, baso, mendi, etab. ditugunez, urtero berrikuntzak sartzen ditugu, eta aurten, esaterako, lehen aldiz joko dugu Olatzagutia eta Ziordira" azaldu digu arduradunak. Itzulia osatzen lehenak bi ordutik behera iritsiko direla uste du Claverrek, eta lasai doazenek lau ordu pasa beharko dituztela. "Hau ez da proba lehiakorra eta uste dugu gehiago disfrutatzen dutela ibilbidea lasai egiten dutenek, paisaje ederrez gozatzeko aukera dutelako" dio.  IbilbideaTxirrindulariak goizeko 9:00etan aterako dira Altsasuko plazatik. Olaztira lehengo errepide zaharretik joko dute, eta pista eta partzelarietatik barna helduko dira Ziordira. Bertatik Zapardira eta Orobera joko dute, ia Gipuzkoako mugetara helduz. Sozarretara iritsiko dira ondoren, eta Dantzalekuraino helduko dira. Bertan elikadura hornidura egonen da. Ondoren Basoitxitik sartuko dira txirrindulariak, eta pistetatik barna Iturmendi eta Bakaikura helduko dira. Segidan, erromatar galtzadatik barna helduko dira Etxarri Aranatzera. Bertan buelta hartu eta Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain pasa eta gero, basoko bidea hartu eta atzera ere Basoitxitik barna pasaz helduko dira Altsasura, helmugara. Igandean bertan eman daiteke izenaOraindik ere izena eman daiteke, igandean, probaren egunean, 7:45etik 9:00etara, Altsasuko Gure Etxean. Federatuek 19 euro pagatu beharko dituzte eta federatu gabekoek 23. Helmugan hornidura gune handia izango dute txirrindulariek, eta dutxa zerbitzua eta beste ez dira faltako. Dantzalekun beste elikadura hornidura gune bat egonen da, eta ibilbidean barna hiru likido hornidura gune izango dira. Aurten 15. edizioa denez, parte-hartzaile guztiek opariak jasoko dituzte: kirol kamiseta teknikoa, Laketek emandako txistorra, Katealdek emandako bi pate eta Kaiku produktuak. Aurrekontua murriztuIbilbidearen aurrekontua jaitsi behar izan dute antolatzaileek, eta aurten 20.000 euro inguruko aurrekontua prestatu dute - iaz 25.000koa izan zen - . Aurten, lehenengoz, ez dute Altsasuko udalaren diru-laguntzarik izango, eta Nafarroako Gobernuarena ere erdira jaitsi da. "Altsasuko udalarena oso laguntza inportantea zen, baina udaleko murrizketak direla eta, galdu egin dugu. Aurten bereziki sektore pribatuen laguntza izan dugu eta eskertzekoa da eman diguten babesa. Babes horiek lortzea asko kostatu zaigu, baina uste dugu aurrekontua ixtea lortuko dugula eta oso esker onez gaude" nabarmendu du Julian Claverrek. Altsasu BTT zeharkaldian parte-hartzera animatu du altsasuarrak. "Euskal Herriko egutegian proba inportanteenetarikoa da, zaharrenetarikoa, eta beste probetako antolatzaileendako ispilu gara. Gurean horrenbeste pista, xenda eta paraje eder daude...  merezi du" azpimarratu du. Guztia ongi ateratzeko igandean 100 pertsona baino gehiago ariko dira lanean: furgonetekin eta quadekin ibilbidean barna, ibilbidea markatzen, hornidura guneetan, irteera eta helmugan, inskripzio guneetan, etab. Baina Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sailekoek asteburu guztia emanen dute beharrean.