Zinegotzi, galdera bat dut zuretzat

Guaixe 2010eko ekainaren 10a

Telebistako saio ezagunaren moldaketa prestatu eta gaur praktikan jarriko dute ezker abertzaleko zinegotziek. 18:30etik 19:00etara altsasuarrek idatziz egindako galderak jasoko dituzte. Haiek gaika sailkatu eta 19:00etatik aurrera galderak banan-banan erantzunen dituzte galderaren egileari hitz eginez. Saioa aurkezle batek gidatuko du. Hautetsi independentistek galderak eginez parte hartzera deitu dituzte altsasaurrak. "Herri programan genion alkatetza lortuz gero auzoz auzo herri batzarrak eginen genituela". Ezker abertzaleko zinegotziek ekimen horrekin "altsasuarrak udal bizitzara hurbildu" nahi dituzte. Galdera bat dut zuretzat ekimenaren bidez gainera, udalaren osaketari eta lan egiteko moduari buruzko argibideak emanen dituzte. Horrekin batera, Arantza Bengoetxeak, Juanjo Goikoetxeak eta Raul Barrenak galdera guztiak ordenatu bitartean legegintzaldi honetako ibilbidea errepasatuko dute.  Bestalde, egungo udalaren egoeraren inguruan azaldu zutenez, "udala ziurgabetasun egoera batean dago eta horrek herriari, zerbitzuei, langileei eta abarri eragiten die". Aurrekontua hil honetan aurkeztea edo bestela konfiantza-mozioa aurkeztea eskatu diote alkatetzako taldeari. "Sarrerak eta gastuak bat etortzen ez diren zirriborroa aurkeztu digu NaBaik". Hautetsi independentistek gogora ekarri zuten 2008ko aurrekontuen luzapenarekin dagoela udala eta "finantza egoera erreala zein den jakitea beharrezkoa da, lehenbailehen".