Mendi txirrindularien festa

Guaixe 2010eko ekainaren 14a

Igandea ilun eta fresko esnatu zen, baina, hala ere, 801 txirrindularik osatu zituzten Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sailak Burundan barna antolatutako 15. Altsasu BTT Zeharkaldiko 49 km-ak. Aurretik 528 pertsona zeuden izena emanda eta egunean bertan 200 pasa apuntatu ziren, guztira 801 arituz, eta nahiz eta 2006an aritutako 1.312 txirrindularietatik urrun egon, oso pozik zeuden antolatzaileak. "Iragarrita zegoen eguraldi aurreikuspena kontuan hartuta asko animatu dira. Eta, gainera, euririk ez duela egin eta tenperatura ona izan dela kontuan hartuta, kontentu gaude" zioen probako arduradun Julian Claverrek. Antolakuntzak primerako ibilbidea prestatu zuen. Altsasutik aterata lehendabizi Olazti eta Ziordiko parajeetan barna aritu ziren. Zapardi eta Oroberaino iritsi ziren, ia Gipuzkoako mugetaraino, eta Sozarreta igo eta gero Dantzalekuraino iritsi ziren. Han zegoen hornidura gune nagusia. Gero Basoitxitik Urdiain, Iturmendi eta Bakaikura heldu ziren, erromatar galtzadatik barna Etxarri Aranatzera ailegatzeko. Handik buelta hartu eta Basoitxitik barna Altsasuko Foruen plazara iritsi ziren. Bakaikun zintak tokiz aldatu zituztenBurunda taldeko BTT sailak eta Altsasuko Amandrea elkarteak 100 pertsona inguru bildu zituzten probako antolaketa lanetan. Dena ongi lotuta zegoen, baina ezezagun batzuk bidea markatzeko Bakaikun zeuden zinta batzuk tokiz aldatu zituzten eta horren erruz 150 txirrindulari inguru desbideratu ziren, Bakaikuko trenbide bidea hartuz. Hori izan zen BTT edo mendi txirrindularitzaren festako gertaera negatibo bakarra. Baina gertaeraz ohartu eta berehala zintak ongi jarri zituzten, eta hortik aurrera ez zen arazorik izan. Eguneko beste protagonista lohia izan zen. Hainbat tokitan lohi asko zegoen, eta, esaterako, antolakuntzak Bakaiku eta Etxarri Aranatz arteko erromatar galtzada lohitua osatzeko beste ibilbide alternatibo bat prestatu zuen, baina askok galtzada osatzea nahiago izan zuten. Altzania ibaia pasatu beharrean zubi esekia erabiltzeko aukera zegoen, baina askok uretan sartzea izan zuten nahiago. Proba ez lehiakorra da Altsasukoa, baina batzuk topera doaz. Horren isla, lehendabizikoak ordubete eta 50 minutu pasata iritsi ziren Altsasura. Baina gehienek ibilbidearekin gozatzea zuten helburu, eta denbora gehiago eman zuten bizikletan. Azkenak, esaterako ordu bata eta laurden pasa iritsi ziren Foruen Plazara. Probaren 15. urteurrena ospatzeko opari ugari jaso zituzten txirrindulariek: kirol kamiseta teknikoa, Laketek emandako txistorra, Katealdek emandako bi pate eta Kaiku produktuak. Horretaz gain 100 produktu lote zozketatu ziren eta txirrindularitzari lotutako produktuak.