Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Primerako denboraldia burutu du Sociedad Deportiva Alsasua taldeko mutilen kadeteen taldeak. Nafar Kirol Jolasen kadeteen 2. mailan aritu da taldea, eta txapelduna izan da. Datuak ikusgarriak dira. Jokatutako 32 partidatatik 29 irabazi dituzte eta 3 berdindu, azken hauek etxetik kanpo. Eta igoera fasean ere garaile izan dira. Fase hau bukatu baino lehen - 10 partida - eta oraindik hiru jardunaldiren faltan, dagoeneko txapeldunak ziren altsasuarrak. Horrela, merezitako saria lortu dute: hurrengo denboraldian kadeteen lehen mailan ariko dira, Nafarroako talde onenekin. Sociedad Deportiva Alsasuak klubeko talde guztiak zoriondu nahi ditu, "duintasunez ordezkatu gaituztelako". Bestalde, datorren denboraldirako Dantzalekuko lanak despedituta izango direla gogoratu nahi izan dute. Hortaz, Altsasuko jokalariek Dantzalekuko instalazio berriak mustuko dituzte eta futbol-zelai artifizialan aritzeko aukera izango dute.