Iskizako gimnastek denboraldi bikaina itxi dute

Guaixe 2010eko ekainaren 24a

Astelehenean kurtso bukaerako ikuskizuna eskaini zuten Sakanako Iskiza Gimnasia Erritmikoko taldean aritzen diren 75 gimnastek. Ordu eta erdi iraun zuen Zelandi kiroldegiko ikuskizun ederrak eta bakarkako nahiz taldekako 27 dantza edo koreografia ezberdin eskaini zituzten Iskizako gimnastek. "Horrek erakusten du kurtsoko 6 hilabete hauetan lan pila egin dugula, gimnasia erritmikoko koreografia bat prestatzea ahalegin asko eta denbora asko kostatzen delako" dio Iskizako monitoreetako batek, Amaia Olmok. Monitoreak gaineratu du gimnasta guztiak oso ondo aritu zirela eta euren lan bikainagatik zorionik beroenak opa dizkietela. Denboraldiko balorazio positiboa egiten dute irakasleek, "talde guztietako maila asko hobetu delako, erakustaldian ikusi zen bezala. Aurrerapena eman dugu, gure gimnasta guztiek gaur egun daukaten mailan eta txapelketetan lortutako emaitzetan ikusi daitekeelako" azaldu du Amaia Olmok. Emaitzei dagokionez, igandean Mendillorrin jokatutako bigarren faseko kluben arteko txapelketan Iskizako kimuak eta haurrak lehenengoak sailkatu ziren. Zaragozako hiru klub, Natacion Pamplona eta Iskiza aritu ziren, eta hortaz zorionik beroenak. Bestalde, hurrengo ikasturteko inskripzioa egin nahi dutenek ekainaren 30era arteko epea dute. Izena emateko 609 437 686 telefonora deitu edo cdiskiza@hotmail.com helbidera idatzi behar da.