277 udan euskaraz

Guaixe 2010eko uztailaren 8a

Hilarekin batera hasi zen Altsasuko Udalaren txikienendako hileko eskaintza: Udan Euskaraz. 29ra arte 277 haurrek hartuko dute parte programan; 3 eta 12 urte bitartekoak dira eta adinka taldeka bildu dira. Zazpi talde dira eta haien ardura 23 begiraleren bizkar dago. Zelandi eskolan biltzen dira guztiak, hiru urtekoak salbu; haiek Kangu udal ludotekan biltzen baitira. Talde bakoitzak bere programazioa du. Koxkorrenekin kirola, natura edota kulturartekotasuna landuko dituzte. Txikiagoekin egunez egunekoa landuko dute. Eta aurten kanpora irteerarik eginen ez badute ere, ez da ekintza berezirik faltako. Asteartean guztiak bildu eta San Fermin festak Altsasura ekarri zituzten. Bestalde, herriko malabare talde batek ikuskizuna eskainiko die. Gainera, dantza tailerra, suhiltzaileen parkera bisita, apar festa eta azken festa izanen dituzte.