Uda gerturatzearekin batera, bidaiatarako ekipajea hartu dute Itziar Nazabalen margolanek. Altsasuko margolariak zenbait erakusketetan parte hartu du.Berriki ireki ditu ateak Madeirako III. Arte Bienalak. Bertan parte hartzeko gonbidapena jaso du O+O (Oriente y Occidente) galeriak. Valentziako galeriak, besteak beste, Itziar Nazabalen lanak eraman ditu. Erakusketa irekita egonen da hilaren amaierara arte. Hain zuzen, Valentziako galerian bertan ere ikusgai egon dira Altsasuko artistaren lanak. Bestalde, Bartzelonako Aragón 232 arte galeriak talde erakusketa berria mustu zuen ostiralean. Bertan parte hartzeko gonbitea jaso du Itziar Nazabalek. Gainera, Altsasuko artistak Bilboko Kanpoko XI. Goya Pintura Lehiaketan parte hartu zuen. Bertan saritu edota hautatutako 25 lan ikusgai daude Bilboko Akross galerian. Horien artean daude Itziar Nazabalen margolanak. Azkenik, ekainean Buenos Aires hiriko Claudio Leon Sempere Museoko talde erakusketan izan dira bere bi margolan (Explosión saturada 1 eta Explosión saturada 2). Erakusketa arrakastatsua izan da; altsasuarra "pozik" dago argentinarren harrerarekin. Barne indarraAdituen hitzetan, "barne indar eta sentsibilitate handiko artista" da Itziar Nazabal. Bere margolanetan pintzelada dinamikoa, trazu arinak eta plastikotasun berezia nabarmentzen dira. Zenbait margolan abstrakzioaren mugan geratzen dira. Elementu nagusian zentratu eta bigarren mailakoak erabat amaitu gabe uzten ditu, margolan fresko eta indartsuak eginez. Maisutasunez eta erraztasun handiarekin une bat, momentu bat, bizipen bat islatzeko gaitasuna du. Itziar Nazabalen irudiak eta abstrazioak erakusketa geletan lekua egiten ari dira. Batetik eta bestetik, erakusketetan parte hartzeko gonbidapenak jasotzen ditu. "Ez da bideragarria denetara joatea" azaldu digu. Aholkulariei jarraiki, aukeraketa egin eta interesgarrienetan parte hartzen du. Bidaiak inspirazio iturriItziar Nazabalen margo tailerrean berriki agurtu dute ikasturtea. Hala ere, beti bezain lanpetuta aurkitu dugu Altsasuko margolaria. Oporren bezperan, ez die atsedenik emanen pintzela eta margoei. Horiekin batera eginen du bidaia. Aurtengoan, Ingalaterrarako bidea hartuko du. Londresen egonaldia egin eta gero, Bournemouth kostaldeko herrira joanen da. Hondartza ederrak, itsaslabarrak, etxe viktoriarrak eta kaleetako giro alaia izanen ditu inspirazio iturri."Bidaiek beti lagundu didate sormenean. Lekuan lekuko paisaiak, hiriak, kultura, jendea... ideia eta esperimentu berrien iturri izan dira" azaldu digu altsasuarrak. Horren adibide dira, besteak beste, Kordoba, Ingalaterra, Frantzia edo Marokoko egonaldiak.