Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Despeditu berri den ikasturtea hirugarrena izan da Gaztetxokoarendako. Altsasuko Udaleko Gazteria Sailak 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako eskaintza da Gaztetxokoa. Urritik maiatza akabera arte, larunbat, domeka eta jai egunetan Gure Etxea eraikina gazteendako zabaltzen da, 17:00etatik 21:00etara. Gazteak eskaintzen zaizkien tailerretan edo haiek nahi duten jardueretan aritu daitezke denbora tarte horretan. GoraHirugarren ikasturtean Gaztetxokoa 70 egunez zabalik egon da eta guztira 3.471 pertsona pasa dira (%15 gehiago),; hau da, 51 pertsona eguneko. Aurreko ikasturtean 44 pertsona izan ziren zerbitzua baliatu zutenak. Gazteria Sailetik zazpi hilabetetan 21 jarduera eskaini zaizkie gazteei eta guztira 525 izan dira parte hartu dutenak. Haietatik %56 neskak izan dira. Datu hori da Gazteria Sailak nabarmendu duenetako bat, aurreko ikasturtean nesken parte hartzea %41ekoa baitzen. Gaztetxoko martxa aurrera eramateko bigarren begirale bat kontratatu du udalak eta horrek zerbitzuari onura ekarri duela nabarmendu dute Gazteria Sailetik. Hala ere, dagoen asistentziarako bi begirale gutxi direla nabarmendu du. Horretaz gain, zerbitzuaren ezegonkortasuna eta behin-behinekotasun orokorra azpimarratu du. Erabiltzaileen iritziaGaztetxokoa erabiltzen duten gazteek zerbitzua arratsaldero ordu batzutan zabalik egotea eskatu dute, edo, gutxienez, ostiral arratsaldeetan. Ikastetxeetan oporrak daudenean ere, eguberritan edo Aste Santuan, zabaltzea eskatu dute. Begiraleen jarraipena ziurtatzea gazteen eskaeren artean dago. Horretaz gain, erabiltzaileek ordenagailu eta multimedia ekipoak eskatu dituzte. Azkenik, ping-pong-ean jokatzeko espazio hobea eskatu dute. Gazteria Sailak espero du Gaztegunea zabaltzearekin batera eskaera horietako batzuk beteko direla.