Hezitzaileen protesta Txioka ikastolan

Guaixe 2010eko ekainaren 30a

Aurreko ostiralean ordu bateko kontzentrazioa eta asteazkenean greba egin zuten Txioka ikastolako hezitzaile batzuek, 0-3 zikloaz arduratzen direnak hain zuzen ere. Protesta horiekin hezitzaileek euren lan baldintzak eta soldata hobetzea eskatu dute. Haur eskolako hezitzaileek azaldu digutenez hiru helburu bilatzen dituzte. Lehenik, urteko plangintza baldintza egokietan garatu ahal izatea. Horrekin batera, hezkuntza proiektuaren egonkortasuna eta bizi-iraupena posible egitea. Eta, azkenik, bizitza pertsonala modu autonomo eta duinean garatu ahal izatea. Azken horren barruan leudeke, besteak beste: ordutegi eta egutegi finkoak, beharreko lan orduen aitortza, langileria iraunkorra, hezkuntza proiektuan  hezitzaileen parte hartze aktiboa, Txiokan adostutako lan hitzarmena, ordezkapenetarako lan poltsa sortzea, hezitzaile guztiak titulaziodunak izatea, edota barne promoziorako aukera izatea. Langileen ordezkaritza duen LAB sindikatuak adierazi du "ez direla soilik langileen lan baldintzak kolokan daudenak. Hauek hobetzen ez diren bitartean, zalantzan egongo dena Txioka proiektua bera izango baita, langileen joan-etorriak etengabeak direlako". LABen iritziz, Txiokarena "tamalez, Nafarroan ez da elementu isolatu bat". Nafarroako Gobernua egin dute erantzule nagusia, "0-3 zikloaren desregularizazioa bultzatzen ari dena, haur eskolen pribatizazioekin, azpi-kontratazioekin, langileek nozitzen duten prekarietatearekin". LAB-ek "Nafarroa osoan ziklo honetako berezko sarea sortzea, izaera publikoa izango duena, unibertsala, doakoa eta euskalduna". Sindikatuak Txioka eta Iñigo Aritza ikastolako zuzendaritzei egoera bideratzeko eskaera egin die. IkastolaIñigo Aritza ikastolatik, bestalde, adierazi digute hasieratik hitz egiteko prest daudela. Horretaz gain, ikastolako zuzendaritzatik jakinarazi digute 0-3ko langileen baldintzak hobetzeko bitartekoak jartzen hasi direla. Batzorde bat ari da gaia lantzen. Azkenik, zuzendaritzatik garbi utzi dute ikastola dela hezkuntza proiektua ezartzen duena. Inplikazio eta ekarpenekin hura hobetzeko aukera dagoela nabarmendu dute. Ikastolatik jakinarazi digutenez, asteazkenean jarritako gutxieneko zerbitzuak baino gehiago eskaini zen.