Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko seme Xabier Mendia Diezen Festak: plazara, dantzara kartelak iragarriko ditu 2010eko Altsasuko festak. Horrela erabaki dute altsasuarrek, herri bozketan. Helduen kategorian, 14 lagun aurkeztu dira lehiara. Horien arteko bi onenak hautatu zituen epaimahaiak eta, lehen aldiz, herritarren esku utzi zuen azken erabakia. Altsasuarrek udalaren web orriaren bidez, 012ren bidez edo erakusketan bertan emandako 187 botoen % 66rekin, Xabier Mendiaren kartela gailendu da. 20 urteko gazte altsasuarra arkitektura ikasten ari da, eta, jakinarazi digunez, "aurten kartelgintza lantzeko ikasgaia" izan du. Lagungarri izanen zuen akaso, baina gaitasuna berezkoa du. Horren adierazle dira kartel lehiaketan gazte kategorian eta komikigintzan lortutako sariak.Bestalde, haurren kategorian, Altsasuko ikastetxeetako 47 ikaslek parte hartu dute. Horien artean Iñigo Tobar Beperet gailendu da Koldo Arnanzen margo tailerrean landutako kartelarekin. Asteazken eguerdian banatu ziren sariak Iortia kultur gunean. Altsasuko alkate Unai Hualde pozik azaldu zen herritarren parte-hartzearekin. Bere eskutik 600 euroko saria jaso zuen Xabier Mendiak. Iñigo Tobarrek, berriz, sari bikoitza irabazi du: 60 euro eta Txartel dendak emandako marrazketarako material lotea.