Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Afizionatuen mailako ospe handiko torneoa zen Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) abuztuan antolatzen zuen Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa. Iaz 40. edizioa jokatu zen eta buruz buruko txapelketan puntako 6 afizionatu lehiatu ziren - Uriarte, Gorrotxategi, Otxotorena, Ioldi, Jaunarena eta Peñas - , eta binakakoan primerako sei bikote - A.Beitia-Larrinaga, Iturrioz-Mendinueta, Garralda-Gurrutxaga, Renovales-Galarraga, Gorka-Merino II. eta Ollo-Landiribar. Merezimendu handiz, buruz burukoan Ioldik jantzi zuen txapela, eta binakakoan Gorka eta Merino II. errioxarrak. Txapelketako partideez gain, jaialdi hasieratan bertako klubetako kategoria txikiko pilotarien arteko partidak izaten ziren. Arazo ekonomikoak eta pilotalekuko lanakBada, aurten ez da txapelketarik jokatuko. Arrazoi nagusia ekonomikoa da. Sociedad Deportiva Alsasuako Pablo Lopezek adierazi digunez, Altsasuko udalak urtero ematen zien diru laguntza ez dute aurten jasoko. "Udalak herriko kirol klubei diru laguntza kendu digu, eta hortaz, ez dugu aurrekonturik ez Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa antolatzeko ez Altsasuko festetan antolatzen dugun afizionatuen mailako txirrindularitza proba prestatzeko. 12.000 euro inguruko aurrekontua dute eta laguntzarik gabe ezin ditugu gure gain hartu. Erramu eguneko txirrindularitza probarako 3.200 euro ordaindu behar izan genituen, ez baikenuen laguntzarik, baina proba hauekin ezin dugu" adierazi du Lopezek. Horri Burunda pilotalekuan egiten ari diren lanak gehitu behar zaizkio. "Ekaina aldera hasi ziren frontoiko argiztapenaren eta segurtasunaren arloko lanak, eta oraindik ez dira bukatu, eta ez dakigu noiz despedituko diren. Beraz, arlo ekonomikoaren eta lanen baturak torneoa bertan behera uztera behartu gaituzte" gaineratu du. Hortaz, abuztutik irailera bitartean - finalak Altsasuko festetan jokatzen ziren - pilota jaialdi ederrik gabe geratu da Altsasu, eta festetan afizionatuen mailako lasterketarik gabe. Dena den, etorkizunean atzera ere aipatu probak antolatzea espero du Pablo Lopezek. "Espero dezagun dauden arazoak konpondu eta hurrengo urteetan udaleko diru laguntza jaso ahal izatea, geure ekitaldiak eta kirol probak antolatzen jarraitu ahal izateko". Altsasuko gainontzeko kirol kluben egoera antzekoa da, eta hortaz, aurten kirol ekitaldi eta proba asko kolokan daude.