Arantzazu eta Picos de Europa helburu

Guaixe 2010eko uztailaren 30a

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak mendi ibilaldia antolatu du iganderako. Goizeko 7:00etan hitzordua jarri dute klubean bertan, eta helburua Arantzazura mendi irteera egitea da. Picos de Europako ibilbideakUdarako irteera luzeagoa antolatzen dute Altsasuko Mendigoizaleak taldekoek, eta aurten Picos de Europa mendiak izanen dituzte helmuga, abuztuaren 16tik 21era bitartean. Abuztuaren 16an aterako dira Altsasutik, eta hurrengo egunetik aurrera mendi ibilbideetan murgilduta ariko dira. Abuztuaren 17an Bulnesetik atera eta Los Albos (Cueto Albo 2401m, Pico Albo 2429m eta Neveron del Albo 2433m) eta El Picun (1960m) barna ariko dira, Bulnesen bukatzeko. Abuztuaren 18an Paredon del Albo (2129m) igoko dute eta abuztuaren 19an beste ibilbide gogor bati ekinen diote, Sotresetik aterata: Cabeza de Tartorios (2147m), Cabeza de la Moña (2069m) eta Canal de las Moñas, atzera ere Sotresen bukatzeko. Abuztuaren 20an Cangas de Onis ezagunetik abiatuta Covadonga Santutegia eta Covadongako lakuak bisitatuko dituzte, eta abuztuaren 21ean Altsasura itzuliko dira. Altsasuko Mendigoizaleak taldearekin Picos de Europara joan nahi dutenek klubetik pasatu beharko dute informazio gehiago jasotzera.