Morkots Guaixetik Nazioartera

Guaixe 2010ko ira. 9a, 00:00

Munduko eta lekuan lekuko egoeraren eta gertaeren isla dira komikigile eta karikaturagileen lanak. Marrazkiak, hitz gutxi eta umorea; horiek dira haien baliabideak. Sintrako World Press Cartoon Txapelketan mundu osoko prentsan argitaratutako lanik onenak zabaldu eta saritzen dituzte. Bertara iritsi dira Jose Mari Morcillo Morkotsen komikiak. Guaixe astekariko irakurleek izan zuten primizia eta orain nazioartean zabaldu dira altsasuarraren zintak.

Nazioarteko Txapelketa
Prentsarako marrazkien nazioarteko bilgune garrantzitsua da World Press Cartoon. Urtero aurreko urteko prentsan argitaratutako lanen bilketa egin eta lanik onenak saritzen dituzte. Hiru sail bereizten dira: karikaturak, marrazki umoretsuak eta cartoon editoriala (gaurkotasuneko gaiak lantzen dituztenak). Azken bietan parte hartu du Morkotsek, "Guaixen karikaturarik ez dugulako, bestela..." dio umoretsu. Jaialdiaren azken hiru edizioetara aurkeztu da Altsasuko komikigilea Guaixen argitaratutako zintekin eta hiruretan hautatu dute. Lorpen handia da; 2010eko jaialdian esaterako, 70 bat herrialdetako 878 lan jaso dituzte eta horietatik 531 hautatu dituzte, tartean altsasuarrarenak.   

Sakanatik mundura
Sari ekonomiko handia banatzen da Portugalgo herrian, 20000 eurokoa nagusia eta beste bederatzi txiki. Sari ekonomikorik ez, baina beste sari bat "irabazi" du Morkotsek: bere lana munduan zabaltzea. Hautatutako lanak Sintrako erakusketan izan dira eta ondoren, nazioartean zabalduko dituzte urtean zehar. Adibidez, iaz hautatutako lanak Portugalen, Brasilen, Espainian, Mozambiken eta Katalunian izan ziren. Sailkatutako lanak World Press Cartoon Sintra 2010 katalogoan argitaratuko dituzte eta haren ale bana jasoko dute komikigileek eta prentsa arduradunek. "Katalogo ederra da, oso ongi editatua" esan digu Morkotsek; "marrazki eta umore mota ezberdinak ikusteko aukera bikaina da" dio. Haren bidez, Sakanan sortu ziren zintak mundu osora zabaldu dira.

www.worldpresscartoon.com
Bertan ikusi daitezke Nazioarteko komikigileen lanak eta katalogoak erosi daitezke.www.morkots-guaixe.blogspot.comMorkotsen lanak eskura ditugu bere blogean.