Abuztuan bileretan egon dira Altsasuko Aralar, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzalea. Udalbiltza auziari erantzun bateratu bat eman nahiak bildu zituela adierazi dute. Akordioa itxi eta herritar eta erakundeei hartara atxikitzeko eskaintza egin diete. Hiru indarrek adostutako testuan aldarrikatu dute Udalbiltza sortzeko 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo. Sinatzaileek gaineratu dutenez, "helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla".Sinatzaileek ere konpromisoa hartu dute "edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko".Aldi berean, Altsasuko Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak Udalbiltzaren aurkako auzibidea "irmoki" salatu dute eta "fiskaltzaren akusazio publikoa erretiratzeko" eskatu dute. Auzipetu guztiei elkartasuna adieraztearekin batera, domekako manifestazioan parte hartzera hots egin dute. Madrila bueltanEspainiako Auzitegi Nazionalean astelehenean berrekinen zaio Udalbiltza auziari. Udalbiltzan aritu ziren 22 udal hautetsi eta erakundeko langile daude akusatuta, tartean Joseba Garmendia Albarracin altsasuarra. Berarendako 15 eta 22 urteko espetxe zigor eskaerak egin dituzte.