Festetarako guztia prest

Guaixe 2010eko irailaren 12a

Gaur eguerdian piztuko da festa Altsasun. Jai egitaraua zabalduko duen etxajua Francisco Javier Cerdanek botako du, UPNko zinegotziak. Ondoren altsasuar eta bisitariendako dena izanen da festa. Oporretan doazenendako eta Bologna programagatik dagoeneko unibertsitateetan ikasten ari direnendako izan ezik. Udalaren egitarauarekin batera, altsasuarrek hainbat herri erakundek prestatutako ekitaldiekin gozatzeko aukera izanen dute hurrengo egunetan. Beteranoen egunaIaz estrainekoz ospatu zen festetan beteranoen eguna. Peñen batzordeak adineko jendearen  parte hartzea behera egin zuela ikusita haiek animatzeko prestatu zuen eta arrakasta handia izan zen. Bazkarirako txartelik gabe gelditu ziren eta animazio handia izan zen. Horregatik, peñen batzordeak, berriro ere, beteranoen eguna antolatu du, ostiralerako. Herri bazkaria eta arratsaldean jolasak antolatu dituzte. Batzordetik dei egin diete beteranoei bai bazkarira bai kafeetara joateko (iaz kafeetan peñetako 300 kide bildu ziren). Txartelak asteburuan Gure Etxea eraikinean eskuratu daitezke. Beterano guztiak parte hartzera animatu ditu peñen batzordeak. Ajolabaikoen 25. urteurrenaAsteartean ospakizunerako propio prestatutako kamixeta eta logotipoarekin karrikaratuko dira. 13:00etan poteatzera bilduko dira, ondoren bazkaltzeko. Txarangarekin batetik bestera zabalduko dute festa giroa. Asteartean, beraz, bi txaranga izanen dira. Ajolabaiko peñak ahalegin handia egin behar izan du guztia lortzeko zozketekin batera, pankartaren atzeko aldean laguntzaileen publizitatea agertuko da (Biltoki, Lurrazpi eta Txalaparta tabernak eta Portuko okindegia). Ajolabaiko peñako beteranoek gazteen ardurapean utzi dute prestakuntza, nahiz eta behar izan duten guztian laguntza eman dieten. Azkenik, antolatzaileek blusa berdea jantzi dutenei asteartean parte hartzera hots egin dituzte.ZaintzaForuzaingoaren festetako dispositiboa Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Altsasuko festak irauten duten bitartean Foruzaingoak dispositibo berezia izanen du. Hiru lan txandetan 76 foruzain ariko dira lanean.  Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, ekitaldi garrantzitsuenetan polizia presentzia indartu nahi du, besteak beste, etxajuaren jaurtiketa, kontzertuak, peñen irteera eta udal agintariak izanen diren ekitaldiak. Foruzaingoak Altsasuko festetan eginen dituenen artean izanen da denda eta salmenta-postua ikuskatzea. Horren bidez adin txikikoei alkohola saltzea edota debekatutako objektuen salmenta (armak) eragotzi nahi da. Kartera lapurretak ere kontrolatzen saiatuko da Foruzaingoa. Horrekin batera trafiko kontrolak eta droga kontsumokoak eginen ditu. Guztia trafiko kontrolekin osatuta. Herritarrek boluntarioki etilometria probak egiteko aukera ere eskainiko du Foruzaingoak.