Nafarrak txapeldun Otadiko Kristo Deuna Txapelketan

Guaixe 2010eko irailaren 21a

Sociedad Deportiva Alsasuak hainbat babeslerekin antolatutako 41. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren atzo arratsaldean, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Giro ederra izan zen, txaranga eta guzti, eta maila handiko partidetzaz gozatzeko aukera izan zuten 500dik gora pilotazaleek. Banakako finalean Jaunarena leitzarra Arrese bizkaitarraren gainetik pasa zen, soilik 2 puntutan utzi baitzuen. Joko perfektuarekin, sakez 5 tanto eginez eta erremate bikainekin 20 minutu aski izan zituen 18-2 gailentzeko. Ikusgarria. Eta binakakoan Eneko Yoldi eta Iosu Linzoain nafarrek Larrañaga eta Galarraga menpean hartu zituzten, 22-16. Lehia oso estua izan zen, eta tantoak oso borrokatuak. Linzoainek ez zuen hutsik egin eta Yoldik sei tanto egin zituen sakez eta erremate bikainak eman zituen. Nahiz eta gipuzkoarrak hurbildu - Galarraga oso ondo egin zen atzeko koadroetan - ,nafarrak beti izan ziren aurretik eta beraiendako izan zen txapela.  Sari banaketan Sociedad Deportiva Alsasua klubeko ordezkariez gain, Altsasuko alkate Unai Hualde, Altsasuko kirol zinegotzi Iñaki De Migel eta Nafarroako Pilota Federazioko buru Migel Pozueta izan ziren.