Taldea egitea du helburu Altsasuk

Guaixe 2010eko irailaren 23a

Iazko denboraldian Altsasu taldeak erregional maila utzi egin zuen. Taldean arazoak zeuden eta pena handiz erabaki gogor hori hartzea erabaki zuen Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA). Hala ere, gainontzeko mailatan zebiltzan taldeak bikain aritu ziren. "Gazte mailakoak igoera fasean sailkatzeko puntu eskas batera geratu ziren, eta bigarren mailako kadeteak Nafarroako txapeldunak izan ziren, partidarik galdu gabe, bi berdinketa izan ezik gainontzekoak irabazi baitzituzten. Hori da harrigarriena, beheko mailetan bikain aritzea eta goiko taldean arazoak izatea" dio SDAko futbol saileko buru Pablo Lopez Colinak. Baina arazoei irtenbidea eman diote eta aurten erregional mailan dabil Altsasu, ilusio handiarekin. Talde gazteaJose Antonio Claver altsasuarrak hartu du taldearen ardura. Maila nazionaleko entrenatzailea da, eskarmentu handikoa, besteak beste Txantrean eta Lagun Artean aritu izan dena. "Bere garaian Altsasuko jokalaria izan zen eta etxea goitik behera ezagutzen du. Taldearen ardura hartzeko konbentzitu genuen, geunden egoeran oso zaila baitzen edonork ere hartzea, tamaina hartu dio eta bikain dabil" gaineratzen du Lopez Colinak. Claverrek Iñaki Cristobal altsasuarraren laguntza du eta plantilla polita sortu dute. 30-35 futbolarik hasi zuten denboraldia, eta momentuz 21 jokalariren fitxak egin dira. Gehienez beste lau egin daitezke, eta beharraren arabera eginen dira. "Giro ona dago aldageletan. Batzuk badakite ez dietela fitxarik egingo eta entrenatzera etortzen jarraitzen dute. Oso kontentu gaude, erantzun oso ona izan dugu" adierazi du Lopez Colinak. Altsasukoa plantilla oso gaztea da. Jokalari gehienak 19-20-21 urtekoak dira, 28 urteko beteranoren bat eta 24 urteko bizpahiru jokalari daude. Klubaren filosofiari jarraituz, gehienak altsasuarrak edo ingurunekoak dira, batzuk iazko taldekoak eta beste batzuk berriak, eta horietatik sei Altsasuko gazte mailako taldetik igotakoak dira. Aurtengo helburua taldea sortzea eta egitea da. "Ez dugu igotzea planifikatu, taldea egitea baizik. Talde gaztea da eta oinarria prestatu nahi dugu, taldea egin, etorkizunean helburu zehatzagoak planteatzeko. Hala ere aurten igoera lortuko balitz, primeran" azpimarratu du presidenteak. Bi partida jokatu ditu Altsasuk. Lehenean husna berdindu zuen Baztanen kontra, ongi jokatuz eta itxura ona emanez, baina larunbateko partidan 5-2 galdu zuten. Lehen zatia ongi egin zuten baina di-da batean partidak ihes egin zien eskuetatik. Larunbatean Burlades taldea hartuko dute Dantzalekuko hareazko zelaian, 17:00etan. Arerio gogorrenak zeintzuk izanen diren galdetuta, iaz jaitsi zirenak nabarmentzen dituzte, Baztan eta Iruñea bereziki, eta gainontzeko talde gehienak parean ariko direla pentsatzen dute.  15-16 futbol taldeSociedad Deportiva Alsasuak 15-16 futbol talde izanen ditu aurten: erregional mailakoa, gazteen bigarren mailakoa, kadete mailako 2 talde, haurren mailako bi talde, kimuen mailako hiru edo lau talde, haurren inskripzioen arabera, benjaminen mailako bi talde, eta gazteen mailan ariko den nesken areto futbol taldea. Diru sarreren jaitsieraErregional mailako taldearen aurrekontua 15.000 ingurukoa da. Horri gainontzeko talde guztiena gehitu behar zaio. Orain arte kategoria txikienen aurrekontuaren %95a Altsasuko Udalak bere gain hartzen zuen, baina krisia dela eta udalak %30ean jaitsi du laguntza (iaz 28.000 euroko laguntza jaso zuen futbol eskolak eta aurten 20.000). Horretaz gain, Osasunako filial izatetik dirua jasotzen du Altsasuk, baina laguntza horrek izugarri egin du behera, 3.000 euro baino gehiagotan. Horregatik kontuak ixtea oso zaila egingo zaio SDA-ko futbol sekzioari. "Iazko kontuen balantzea oso ona izan zen, baina aurtengo denboraldia 11.000 euroko zorrarekin hasi dugu, pentsa. Horregatik, gurasoei eskatu diegu SDA taldeko bazkide egiteko" dio presidenteak. Iaz 275 bazkide ziren eta momentuz 350era igo da kopurua. Urtean 44 euroko kuota pagatzen dute eta bazkide gehiago izatean sarrerak ere igoko dira. Sarrera horri Mankomunitatetik eta Kirol Institututik jasotzen den laguntza, Nafarroako Kutxan Zuk Aukeratzen duzu egitasmoko 10.642 proiektuan jasotzen diren ekarpenak, erregional mailako karteletan propaganda jartzen duten kolaboratzaileen kopurua, futbol zelaiko hesietan publizitatea jartzen dutenen kopurua, partidetan Katealde produktuen loteak zozketatzen ateratzen duten dirua eta beste gehitu behar zaio. Eta erregional mailako partidetan bazkide ez direnei sarrera kobratzea aztertzen ari da SDA, baina zelai berrian aritzen hasten direnean.  Belar artifiziala, aurkiDantzalekuko belarreko futbol zelaia zenean belar artifizialeko zelaia egiteko lanak irailaren 30ean entregatzeko konpromisoa dauka obrak egiten ari den enpresa, baina ez dakite data horiek beteko ote diren. Momentuz Dantzalekuko goialdean dagoen hareazko zelai deseroso eta gogorrean dabiltza jokatzen, eta espero dute larunbateko partida bertan jokatzen duten azkena izatea. "Belar artifizialeko zelai berrian aritzea beste kontu bat izango da. Futbolera jokatzeko aukera izango dugu, hareazkoan gaizki baikabiltza" dio Lopez Colinak. Ea aurki mustutzen duten benetako belarra dirudien azkeneko generazioko belar artifiziala. Altsasu 2010-2011JOKALARIAKAtezainak: Javier Cristobal (Altsasu) eta Joseba Bergera (Ziordia)Atzelariak: David Martin (Altsasu), Cristian Davila (Altsasu), Jon Bergera (Ziordia, jubeniletatik igota), Gorka Sanchez (Altsasu), Javier Barrenetxea (Olazti), Gorka Arakama (Olazti), Aaron Ramos (Altsasu), Mikel Cordero (Altsasu, jubeniletatik igota) eta Mikel Goikoetxea (Iturmendi)Erdilariak: Xabier Gonzalez (Altsasu), Xabier Lopez (Altsasu), Fernando Viana (Altsasu, jubeniletatik igota), Jokin Lobo (Altsasu, jubeniletatik igota), Jon Ander Fernandez (Altsasu, jubeniletatik igota) eta Joel Barreiro (Altsasu).Aurrelariak: David Fernandez (Altsasu), Xabier Aiestaran (Altsasu), Jonathan Davila (Altsasu) eta Igor Medina (Altsasu). *Oharra: entrenatzaileak 30-35 futbolariekin lan egiten du eta horietatik 21 jokalariei egin zaie fitxa. Gehienez 25 fitxa egin daitezke, eta, hortaz, 4 jokalari gehiagori egin ahal zaie fitxa. ENTRENATZAILEAKJose Antonio Claver eta Iñaki Cristobal (laguntzailea).ZUZENDARITZA BATZORDEASociedad Deportiva Alsasuako presidentea Luis Lopez, idazkaria Guzman Lobo eta diruzaina Migel Angel Montesinos. Futbol saileko presidentea Pablo Lopez Colina, arduraduna Pedro Mari Lopetegi eta delegatuak Felipe Biana eta Felipe Gonzalez. Gazte mailako taldeko delegatuak Isidro Berastegi eta Patxi Rivero.