Burundako euskalkiaren berezitasunak agerian

Guaixe 2010eko irailaren 30a

Koldo Zuazo hizkuntzalariak Sakanako euskara. Burundako euskalkia liburua aurkeztu zuen atzo Altsasuko Iortia kultur gunean. Erredakzioa hitzaldia baino lehen itxi zen, baina jakin badakigu liburuaren aurkezpenak ikusmira handia piztu zuela Burunda aldean, Urdiainen, batez ere.Sakanako euskara. Burundako euskalkia Koldo Zuazok Burundan egindako ikerketa lanen emaitza da. Liburuak ekainean ikusi zuen argia. Iruñean izan zen aurkezpen ofiziala. Orain, berriz, Burundako hizkera darabiltenen aurrean aurkeztu du lana.EdukiaNafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak argitaratu dute Sakanako euskara. Burundako euskalkia liburua. Mendaur bildumako 8. liburua da. Burundako bailararen deskribapenak irekitzen du liburua, Bakaikutik Ziordira arteko herriekin. Ondoren, bailarako euskalkiaren berezitasunak deskribatzen ditu: fonologia, morfologia eta sintaxia. Eta, amaitzeko, bailarako hizkera edo dialektogia aztertzen du. Hizkera bereziaKoldo Zuazok aspaldi ezaguna zuen Burundako hizkera, baina 2007tik hona bereziki Urdiainen egin dituen egonaldiei esker, hizkeran sakontzeko aukera izan du. Bilketa lan horren emaitza da Sakanako euskara. Burundako euskalkia liburua.Zuazok berak dioenez, Burundako hizkerak erabateko eragina izan du bere ibilbidean. Besteak beste, metodologia eraberritzeko eta mendebaleko euskalkiaren jatorriaz hipotesi berriak aurkezteko aukera eman dio. Mitxelenaren proposamenetik haratago, Zuazok Iruñea eta Gasteiz inguruan kokatzen du aldaketen lehen gunea. Burundak, hain zuzen, bien eragina jaso zuen. "Euskal Herri osoan ibili eta gero, Burundako hizkera da ezagutu dudan bereziena - dio ikerlariak-. Jakina, haren kokagunea da horren arrazoia: Nafarroako bazter batean dago, Gipuzkoa eta Araba ondoan dituela. Hiru leku horietatik elikatu da Burundako euskara".Burunda pasa lekuan egon arren, ederki eutsi dio bere berezitasunei eta euskara zaharraren ezaugarri asko gorde dira bertan. Esaterako, bustidurarik ez egitea. Bestalde, nabarmentzekoa da Sakanako beste euskalkien eta Burundakoaren aldeko aldea. Esaterako, Aranatzen erabiltzen den dakit (zait ordez) adizkia ez da Burundara zabaldu.Euskalkietan adituaKoldo Zuazo Eibarren jaio zen 1956an. Dialektologian doktore, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. 1990etik euskalkien azterketan eta haren bilakaeran murgilduta dago, buru belarri. Lan horren fruitu dira zenbait artikulu eta liburu. Bereziki ezaguna da 1997ko Bonaparteren euskalkien maparen eguneraketa. SalgaiLiburuaren 1.000 ale argitaratu dira. Salgai daude 12 eurotan.