Haur eskola handituta

Guaixe 2010eko irailaren 29a

Aurreko asteazkenean despeditu zuten haur eskola handitzeko modulu berri baten kokapena. Lan handienak haur eskola itxita egon denean egin dituzte, festetan eta arratsaldeetan. 28 m2 artean dituen espazio berri hori tailer gisa erabiltzen ari dira dagoeneko. Lan horiekin batera, egokitutako komunetan ur beroa izateko lanak ere egin dituzte. Unai Hualde alkateak esan digunez, "handitze horrekin haur eskolak nahikoa espazio du eskaintzen dituen bost unitateak hartzeko"; 1 eta 2 urte arteko hiru unitate eta 2 eta 3 urte arteko beste bi. Irailean egokitze ordutegia izan dutenez umeak soilik goizez egon dira haur eskolan. Hualdek, bestalde, jakinarazi digu NaBaik proposatuta Altsasuko Udalak Zelandi eskolako sarreran kokatutako modulu guztiak erostea erabaki zuen. 185.000 euro bideratuko dira horretarako. Dirua Nafarroako Gobernuak Lau urteko Planaren barruan erabilera librerako udalari eman dion funtsetik aterako du. Altzania zentroan haur eskola egiten denean moduluei zein erabilera eman ez du erabaki udalak. Altzania zentroaEraikina haur eskola gisa egokitzeko lanak geldi dauden bitartean, haren teilatua konpontzeko lanak hasi dituzte. Arian enpresa ari da lanak egiten. Festen ondoren hasi ziren teilatua konpontzen eta urriaren erdialderako lanak despeditzea aurreikusten dute. Festen aurretik enpresak eraikinaren egitura indartu zuen. Espainiako Gobernuak emandako funtsetik 250.000 euro inguru bideratu ditu udalak. Altsasuko Udalak, bestalde, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan dago. Haur eskola egokitzeko proiektuaren lanen jarraipena bideratu nahi du. BanaketaGelak, egokitutako komunak, psikomotrizitate gela, ikus-entzunezkoen gela, hezitzaileen bulegoa, biltegia eta komunak.