Kolorez beteriko gaua Altsasuko Gaztetxean

Guaixe 2010eko urriaren 8a

Urtemugarekin bat eginen dute Vendetta eta La Betty Travan taldeekAltsasuko Gaztetxeak 20 urte bete zituen asteartean. Ibilbide luze horretan, Euskal Herriko eta atzerriko musika taldeek haien mezuak eta musika zabaltzeko tokia aurkitu dute bertan. Gaztetxearen 20. urtemugan, ospakizunekin bat egin nahi izan dute musika taldeek. Sakanako Vendetta eta La Betty Travan taldeek kolorez beteko dute biharko gaua. 20 seinaleHori da urtemugaren lema, eta Vendettak izenburu bera eman dio Altsasuko Gaztetxeari eskainitako abestiari. "Egunez zarata bultzatu dugu, kolorez berpiztu ditugu gauak". Gogoak nahiko eta  sobera ditugu, indarrez zirikatzeko sistema" diote ska taldearekin batera Gazte Asanbladako kideek. Abesti hori eta beste hainbat entzuteko parada izanen da bihar Altsasun, Vendetta taldearen Munster Birak geldialdia eginen baitu Gaztetxean.   Bada urte eta erdi Vendettak lehen diskoa atera zuenetik eta, taldeak iragarri duenez, bidean da bigarren diskoa. Sakanako ska taldeak disko berriko abestiren bat aurrera dezake. Ezin primizia galdu.Betty Travanen azkenakDuela lau urte inguru eman zituen lehen urratsak La Betty Travan taldeak. Urteen joan etorriak aldaketak ekarri ditu. Gaur egun, Lur etxarriarrak (ahotsa), Iñakik (gitarra eta baxua), Hodeik (gitarra eta baxua) eta Iñigok (bateria eta ahotsa) osatzen dute taldea.Vendettaren antzera, La Betty Travan taldea ere disko berriaren grabazioan murgilduta dago. Dagoeneko ezagutzen ditugu disko horren aurrerapen kantuak, Biluzik eta Morning View. "Hau gogoa kantak grabatu eta berriz ere taulara igotzeko!" diote. Zuzenekoen gose, duten guztia emanen dute bihar Altsasuko Gaztetxean.  Erakusketa1990eko urriaren 5ean okupatu zuen Altsasuko Gazte Asanbladak gaur egun Gaztetxea hartzen duen eraikina. 20 urteetan hamaika ekimen, jarduera eta aldarrikapen bideratu dira bertatik. 20 urteko historiaren testigu diren argazki, pegatina eta kamisetak ikusteko aukera dugu Altsasuko Iortia kultur gunean. AGAk mustutze ekitaldira gonbidatu ditu sakandarrak, haien bizipenekin erakusketari bizia emateko. OrdutegiaUrriaren 14ra arte, Altsasuko Iortia kultur gunean, asteartetik ostiralera 18:30etik 21:00etara eta igandetan 18:30etik 20:30era, Altsasuko Iortia kultur gunean. Gaur, 19:00etan mustutze ekitaldia.