Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gero eta altsasuar gehiago dira udaletxera jotzen dutenak basoan lehortutako edota eroritakoak zuhaitzak eskatzera. Eskaera ugari jasotzen direnez, eta azken urteetako esperientzia kontuan izanik, Altsasuko Udaleko Mendi Batzordeak erantzun emateko prozedura arintzea erabaki du. Mendi Batzordeak onartutakoaren arabera, basoan lehortu edo haizeak bota dituen zuhaitzak eskuratu nahi dutenek zenbait baldintza bete beharko dituzte. Lehenik, adinez nagusi izatea, edo adin txikiko emanzipatua. Altsasun erroldatuta egotea, gutxieneko hiru urteko antzinatasunarekin. Bestetik, eskatzaileek Altsasun urtean gutxienez bederatzi hilabete bizi behar dute. Ezin bestekoa da zuhaitz horiek eskuratzeko Altsasuko Udalarekin zerga zorrik ez izatea. Azken baldintza da eskatzaileak aurreko urtean etxerako egur loterik jaso ez izatea. Prozedura Lehortutako edo eroritako zuhaitz edota adarrak eskuratu nahi dituzten altsasuarrek udaletxean eskaera egin beharko dute. Eskabidean zuhaitzak non dauden zehaztu behar dute altsasuarrek. Eskatzaileek aurretik aipatu diren baldintzak bete dituen aztertuko du udalak. Baldintzen bat betetzen ez badu eskatzaileari zergatia jakinaraziko dio udalak. Eskatzaileak baldintzak betez gero, udaleko basozainek txostena eginen dute zuhaitza eman daitekeen edo ez zehazten, baita haren balioa zein den ere. Txosten horren arabera zuhaitza eman edo ez erabakiko da. Emandako eta atzera botako eskaera guztien berri izanen du Baso Batzordeak. Altsasuko Udalak ere erabaki du etxerako egur loteak eman aurreko bi hilabeteetan egindako eskaerei kasurik ez egitea. Etxerako egur loteen zozketa egin aurreko bi hilabeteetan eskatutako zuhaitzak enkanterako loteetan sartuko dira. Loteen zozketa normalean ekaina edo uztailean egiten du Altsasuko Udalak. Beraz, martxo akaberatik aurrerako zuhaitz lehor eta erorien eskaerak ez ditu kontuan izanen Altsasuko Udalak.