Altsasuko, S. Koop eredu hartuta

Guaixe 2010eko urriaren 8a

Krisian dauden enpresendako eraldaketa eta berrantolaketa alternatiba ekonomia soziala izan daiteke. Hala azaldu zuten atzo Iruñean, Anel-ek (Asociación Navarra de Empresas Laborales) antolatutako jardunaldian. Aukera hori ilustratzeko Altsasuko Sozietate Kooperatiboaren adibidea jarri zuten. Harengandik ikasi eta partekatu zitekeela nabarmendu zuten Anel-etik. Jardunaldian Anel-go lehendakari Luis Mari Gallo eta Jose Mari Roig industria kontseilaria izan ziren. Haien agurreko hitzen ondoren Altsasuko enpresaren berri zehatzago eman zuten beste sei hizlarik. Isphording enpresako langile izatetik kooperatiba berriko  Kontseilu Zuzendariko kide den Juan Cruz Bengoetxeak bere bizipenak kontatu zituen. Kooperatibako zuzendari Eneko Gorostidik egitasmoa aurrera eramateaz aritu zen. Anel-go teknikari Alberto Morentinek kooperatiba bihurtzeko prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen. Haiekin batera, besteak beste, Altsasuko enplegu bulegoko arduradun Migel Angel Jorge egon zen.