Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dantzaleku Sakana atletismo klubak, hainbat babesle eta laguntzailerekin batera III. Onddoen Lasterketa antolatu du bihar, larunbat eguerdian, Altsasun, ferien barruan gauzatuko den ekitaldia, hain zuzen. Helburua onddoaren ibilbidea egitea da, San Pedro parajeetan eta herriko basoetan barna, modu herrikoian. "Proba ez lehiakorra da, eta jende guztia bertan aritzera animatu nahi dugu. Horregatik ibilbideak ia 7 km-ko distantzia du, nahiko eramangarria, eta mota guztietako jendea erakarri nahi dugu: atletismoa praktikatu eta lasterketetan aritzen direnak, korrika egiten dutenak, baina lasterketetara ateratzen ez direnak eta besterik gabe goiz eder bat pasatu nahi dutenak. Familiartean, lagunartean... izan ere, nahi duenak oinez ere egin dezake ibilbidea, asmoa ongi pasatzea delako, inolako lehiakortasunik gabe" dio Dantzaleku Sakanako Peio Bergarak. Proba ez lehiakorra denez ez da kuotarik ordaindu beharko ez sailkapenik egongo eta korrikalariak erritmo lasaian ariko dira. "Nahi duenak ere oinez egin dezake, inportanteena parte hartzea eta ongi pasatzea da" diote. Iaz bezala, bereziki emakumeak animatu nahi dituzte. Horregatik "Sakanako andreak animatu" lelopean antolatu dute lasterketa. Ibilbide ederraIa 7 km-ko lasterketa da, haritz artean, onddoak ezkutatzen diren paraje ederretan barna. Bihar, 12:00etan Altsasuko Foruen plazatik irten eta Pilotajaututik basorako bidea hartuko dute, Otaibarren, Olloetxe eta Zamarretako zubian barna. San Pedrora iritsi eta, nahi dutenek likidoen horniketa postua izango dute eskura bertan. Ondoren, baso itxitik Dantzalekurako bidea hartu eta Maibelotik plazara itzuliko dira, lasterketa amaitzeko. Proba ez lehiakorra denez, ez da sailkapenik ez sari metalikorik egongo. Korrikalari guztiek ehun termikoa duen onddoen lasterketako kamiseta ederra jasoko dute opari eta Altsasuko feriekin zerikusia duten produktu tipikoen zozketa eginen da denen artean. Txistorra, patea, txorizoa, berlinak, gazta, onddoak eta bestelako produktuekin osatutako lote ugari zozketatuko dituzte. Izena emateaLasterketetan parte hartzeko nahikoa da www.dantzalekusakana.com web gunean inskripzioa bete edo biharko lasterketa hasi baino lehen Gure Etxean izena ematea. Iaz 150 pertsona aritu ziren helduen mailan eta 80 haur inguru eskola krosean, eta kopuru hori gainditzea nahi luke antolakuntzak. Hori bai, kontziente dira eguraldiaren araberakoa izango dela parte hartzea. 31. Eskola Krosean bi bizikleta zozketatuko diraOnddoen lasterketa baino lehen, goizeko 11:00etan, Eskola Krosa abiatuko da. Aurten 31. edizioa beteko du bere garaian Cross Popular Alsasua izenarekin jaio zen probak.Prebenjamin mailatik hasita kadete mailaraino - jubenilak helduekin aritu daitezke - , kategoria guztietako lasterketak Foruen Plazaren inguruan prestatutako zirkuituan izanen dira. Haur guztiek zukua eta opilen bat jasoko dute. Antolatzaileek krosean aritzeko deia egin diete gaztetxoei, "korrika egitea ederra delako eta denok disfrutatu ahal dugulako". Gainera, krosean arituko diren neska-mutilek etxera bizikleta paregabe bat emateko aukera izango dute, izan ere parte-hartzaileen artean 2 bizikleta Racesa zozketatuko dira, bat nesken artean banatuko dena eta bestea mutilen artean. Hortaz, ez dago aitzakiarik eskola krosean aritzeko.