Ziza erakusketa Iortia kultur gunera

Guaixe 2010eko urriaren 15a

Urriaren 17an, domekan, 10:00etatik 19:30era, Altsasuko Iortia kultur gunean.Ia bereak eman ditu aurtengo Altsasuko Mikologia Jardunaldiak. Hiru eguneko hitzaldi eta ikus-entzunezkoekin, mikologian jantzi dira zaletuak. Teoria utzi eta praktikarako unea iritsi da orain. Horretarako aukera ematen du Altsasuko ferietako ziza erakusketak. Aurten, lehen aldiz, Iortia kultur guneak hartuko du erakusketa. "Gure Etxea txiki geratu zaigu. Kultur guneko erakusketa gelak aukera hobeak eskaintzen ditu" azaldu digute antolatzaileek.Iragarpen onakHego haizeak gogor astindu ditu bazterrak azken aldian eta ez dago ontto hotsik. Hala ere, Altsasuko Mikologia Elkarteko Joserra Belokik "erakusketa ederra" iragarri du. "Azken egunetako euri zaparradek mesede egin dute" azaldu du, "gainera erakusketarako baliagarri dira ziza eta ontto guztiak, jangarriak izan edo ez" dio. Lan talde ederra arduratzen da zizak biltzeaz. Altsasuarrek etxarriarren eta Araiako lagunen laguntza izanen dute. Joan zen astean egin zen erakusketa Etxarri Aranatzen eta datorren astean Araiak hartuko du lekukoa. "Guztiok lehian ibili ordez, elkarren arteko trukea egiten dugu; hiru erakusketak aberasten dira horrela" esan du Joserrak.