Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hirugarren urtez jarraian, Altsasuko Kima euskara taldeak bertso-afaria antolatu zuen ferietako ostiralean. Adin guztietako 50 bat bertsozale bildu ziren Zubi Ondo elkartean, batzuk afal garaitik eta beste batzuk afal ostetik aurrera. Batzuek eta besteek Unai Iturriaga eta Xabier Silveira bertsolarien lanarekin gozatzeko aukera izan zuten.Bertsolari inspiratuek bidaian eraman zituzten entzuleak: Urbasara, Leitzako Peruharrira, Kubara, Jamaikara edota Corellara. Bestelakoak ere izan ziren: urrezko neskei, gazteei edota Beleixe Irratiko esatariei eskainitako bertsoak esaterako. Megafoniak ere berea jaso zuen. Ez zuen gehiegi lagundu eta bertsolariak mikroaren laguntzarik gabe kantuan izan ziren. Ez zuten eztarriak gehiegi urratu behar izan, entzuleek adi eta isilik jarraitu baitzituzten haien hitz-jokoak. Txaloekin batera, barre algarak izan ziren etenaldi bakarra, bildutakoen esker ona adierazteko modu bikaina. Bertso saioaDatorren hilean Bertsoekin gozatzeko aukera berri dute sakandarrek: Bertsoberriz, Altsasun zikloak jarraipena izanen du azaroaren 20an, larunbatean. Kima euskara taldeak puntako sei bertsolariren presentzia iragarri du. Sarrerak salgai daude Iortia kultur gunean.