Mazkiaran, erorikoarekin baina hiru domina jantzita

Guaixe 2010eko urriaren 18a

Espainiako Pista Txirrindularitza Txapelketak jokatu dira Palma Mallorkako Palma Arenan. Hodei Mazkiaran txirrindulari altsasuarra Euskadiko selekzioarekin aritu zen lehian, eta lan bikaina egin zuen, nahiz eta istripua izan. Kilometroko proban zilarrezko domina jantzi zuen Mazkiaranek, bigarrena izan baitzen, erregistro bikaina eginez (1:04.03). David Alonso balearra izan zen txapelduna (1:04.00). Gainera, Abiadura proban ere zilarrezko domina eskuratu zuen altsasuarrak, Juan Peralta nafarraren atzetik. Arazoak keirin finalean heldu ziren. Ia helmuga puntuan, lurrera erori ziren Nafarroako selekzioko Juan Peralta eta Euskadiko Hodei Mazkiaran. Antolakuntzak Juan Peralta deskalifikatu zuen. Mazkiaranek proba bukatzea lortu zuen, hirugarren postuan, eta brontzezko domina jantzi zuen.  Sergio Aliaga eta David Alonsoren atzetik sailkatu zen altsasuarra. Sekulako kolpea jaso zuen Mazkiaranek, eta ezin izan zuen sari emate ekitaldian egon. Aurretik ebakuntza egina duen ezker sorbaldan hartu du mina, eta oraindik ez dakite atzera era ebakuntza egin beharko dioten edo zer beste egin ahal zaion. Tamalez, azaroaren 5etik 7ra Pruszkowen jokatuko diren Europako Txapelketetan ezingo da aritu. Txapelketa hori zen Hodeiren aurtengo helburuetako bat, baina ezingo da egon.Ildo honetan, Cespa-Euskadi taldeak bere web orrian dioenez, erorikoa arerio baten "eraso kamikaze" baten ondorioz gertatu zen. "Portaera eta azpikeria horiek onartezinak" direla gaineratzen du taldeak, eta hartu beharreko erabakiak hartzea eskatzen dio Federazioari.