Larunbata hotz esnatu zen, baina ez zegoen inolako aitzakiarik Dantzaleku-Sakanak antolatutako III. Onddo Lasterketan aritzeko. Onddo lasterketa proba ez lehiakorra da, eta helburua da udazkenarekin batera, onddoak agertzen direnean, San Pedro parajeetan, Basoitxin, Otaibarren eta Dantzalekun, herriko basoetan barna lasterketa eder bat burutzea, baina modu herrikoian, inolako presiorik gabe. Horregatik, ez da sailkapenik egiten, helburua ongi pasatzea, korrika egiten disfrutatzea eta ibilbide ederraz gozatzea baita, inolako lehiakortasunik gabe. Bada, 150 korrikalari inguru animatu ziren Onddo Lasterketan aritzera. Antolakuntzaren pozerako horietatik 29 emakumeak izan ziren, aurreko urteetan baino gehiago. Izan ere, emakumeen parte-hartzea bulkatzeko deialdia egin zuen antolakuntzak, eta erantzun positiboa izan du deiak. Fresko, baina korrika egiteko eguraldi bikaina egiten zuen. Haritz eta baso artean 7 km inguruko lasterketa osatu eta gero antolakuntzak Altsasuko feriekin zerikusia duten produktuen 80 lote eder - txistorra, patea, txorizoa, berlinak, gazta... - zozketatu zituen korrikalari guztien artean, tartean onddoz betetako hiru saski eder. Gainera, korrikalari guztiek ehun termikoa duen onddoen lasterketako kamiseta ederra jaso zuten opari. Paisaiaz eta kirolaz disfrutatzeko egun ederra izan zen larunbatekoa. Eskola Krosean bi bizikleta zozketatu zirenOnddoen lasterketa hasi baino ordu bat lehenago, 11:00etan, 31. Eskola Krosean aritu ziren 60 neska-mutil inguru. Foruen Plazaren inguruan prestatutako zirkuituan aritu ziren korrika, prebenjamin mailatik hasita kadete mailaraino. Ongi pasatu zuten txikienek, eta proba bukatzerakoan zukua eta opila jaso zuten. Gainera, korrikalari guztien artean 2 bizikleta Razesa zozketatu zituen antolakuntzak. Txikien artean zozketatutako txirrindula Ainhoa Calleirasi egokitu zitzaion, eta handien artean zozketatutakoa Maria Senarrek jaso zuen.