Fluitecnik-ek 46 lanpostu sortuko ditu Gamesarena zen lantegian

Guaixe 2010eko urriaren 26a

Nafarroako presidente Migel Sanzek eman zuen berria astelehenean, aldamenean Gamesako buru Jorge Calvet eta Fluitecnik enpresako zuzendari nagusi Alberto Madoz zituela. Azken horrek argitu zuenez, Fluitecnik Gamesarekin 1995etik harreman "bikaina du". Madozek jakinarazi zuenez, "modulu fotovoltaikoak ekoizteko ahalmena handitu beharra dugu, epe luzerako, gainera". Fluitecnikeko buruak azaldu zuenez, "estatuan ez baina mundu mailan merkatu eskaera handia dago. Heldu den urtean bikoiztu eginen da". Enpresako buruak aitortu zuenez, merkatua "izugarria" da.Altsasuko lantegian sortuko diren modulu fotovoltaikoak nazioarteko merkatuen eskaera asetzera bideratuko du Fluitecnik-ek, "Europakoa bereziki". Isasian ezarriko den enpresa berriak Gamesari lantegia alokatu eginen dio. Gamesak, bestalde, langileen prestakuntzan eta bestelakoetan laguntza emanen du. PresidenteaSanzek aurreratu zuen Fuitecnik-en lantegi altsasuarrak 46 lanpostu sortuko zituela. "Gamesa itxi eta gero 79 kokatu gabe gelditu ziren eta haietatik 46k lanpostu berria eskuratzeko aukera izanen dute". Presidenteak asteleheneko agerraldian, berak zuzentzen duen gobernuak Altsasun egoera ekonomikoa suspertzeko egindako beste jarduera batzuk gogora ekarri zituen: Altsasuko Kooperatiba sustatu edota Sunsundeguiren kudeaketa bere gain hartu. Azken horretan, ardura hartu zutenean baino lanpostu gehiago daudela nabarmendu zuen Sanzek, eta hala, Gamesatik kaleratutako langile kopurua aurki kokatua izanen dela nabarmendu zuen. Sanzek bi enpresei eskerrak eman zizkien. GamesaJorge Calvetek azaldu zuenez "Altsasun egin behar izan genuena saihestezina izan zen. Ez da erraza lantegia ixtea, atzean pertsonak eta familiak daude". Calvetek, hala ere, Gamesak hitza betetzen duela nabarmendu zuen eta maiatzaren 18tik Altsasuko lantegia berrindustrializatzeko lanean aritu zirela, administrazioarekin elkarlanean. Altsasuko lantegia berrindustrializatzeko Gamesaren interesaren lekuko gisa azaldu zen Madoz. Gamesak Fluitecnikekin harreman ona duela nabarmendu zuen Calvetek: "gure hornitzailea da, ez soilik Nafarroan, baita Amerikako Estatu Batuetan eta Txinan ere". 1. fasea Fluitecnikek Isasiako lantegiko 5.000 m2 egokituko ditu eta han ekoizpenerako bi linea jarriko ditu, Portugalen dituenaren parekoak. Urtean 30 MW ekoiztea aurreikusi du. Lehen fasean 46 langile ariko dira lanean (lehentasuna Gamesan aritutakoek izanen dute) eta merkatu eskaera badago, bikoiztu egin daiteke. Fluitecnikek 2,2 milioi euroko inbertsioa eginen du.EpeakAzaroa Lantegia egokitzeko lanak hasi.Hilbeltza Langileak hautatzeko epea hasi. Hilabete edo hilabete eta erdi.Otsaila Langileen prestakuntza hasi. Bi hilabete emanen ditu. Arduradunak Portugalen ikasi beharko dute.Apiribila Lantegia martxan jarriko da.  Garagarrila Lantegia bete-betean ariko da lanean.Fluitecnik SAOrkoiengo enpresa 1990ean sortu zen. Bere jarduerak hiru adar ditu: haize eta eguzki energiei bideratutako bi eta industria arlora bideratutakoa bestea. Bost lantegi ditu Nafarroan eta beste bat Gipuzkoan. Madrilen, Portugalen, Dominikar Errepublikan, AEBn eta Txinan ere badago .