Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtebetetzeak ospatzeko modukoak
badira, zer esanik ez mendeurrenak.
Hala, pentsatu du Zubeztia
elkarteko zuzendaritzak. Horregatik,
"apaltasunez" jarduera
egitaraua prestatu dute juntakoek
eta hainbat kidek.
Elkartean dagoen armoniaren
erakusle izan zen aurreko ostiralean
egin zen ikastaroa. Aitor Etxeberria
sukaldariak hiru orduko
ikastaroa eman zien hainbat bazkideri.
Gero prestatutako afari
ederrerako erabili zuten. Jarduera
horrekin abiatu ziren mendeurreneko
ekitaldiak.
Lanak
Elkartean lanak etengabe egiten ari
dira. Duela zenbait urte, beheko
solairuan zeuden denda eta ferratzeko
tramankulua kendu eta taberna
eta jangelak prestatu ziren. Lau
bat urte dira lehen solairua berritu
zutela. Jangela handia eta sukaldea
prestatuz. Igogailua ere jarri
zuten, irisgarritasuna errazteko.
Mendeurrena dela eta, borondatezko
auzolanean, bazkideak
bigarren solairua egokitzen ari
dira erabilgarri uzteko. Terraza
eder bat dute han.
Ez dute Circuloa hiltzen utzi
nahi. Garai bateko koadro, mahai,
piano, erlojua, zinema mutuko
proiektore eta bestelakoak daude
eta haiek txoko batean bildu nahi
dituzte. Elkartearen historiaren
isla izanen litzateke. Horretarako
berreskuratze lanean hasiak dira
eta erakusketa modukoa ere egin
nahi dute.
Lanak aurrera ateratzeko pixkanaka-
pixkanaka aurre egiten
ari dioten mailegu bat dute. Ohiko
kuotaz gain, mailegurako beste bat
ordaintzen ari dira bazkideak.
Historia
Eskrituretan azaltzen denez,
1910eko azaroan erosi zuen Asociación
Circulo Catolikok eraikina.
Elizaren jarduerak babesten
zituen fededun talde bat ziren
elkarteko kideak garai hartan.
Elkarte hori noiz sortu zen eta eraikina
aurretik zertarako ibiltzen
zen egungo kideek ez dakite.
Gerraren ondoren 700 bazkide
ere izan zituen Circuloak. Orduan
ez zen ez izen ematerik ez kuotarik
ez ezer pagatzen. Denborarekin
atezainak jarri zituzten eta
hurrengo urratsa taberna zabaltzea
izan zen. Hartaz arduratzen
zirenak elkartean bertan bizi ziren,
lehen edo hirugarren pisuan. Bigarren
pisuan, berriz, urtetan Genaro
Idoate albaitaria bizi izan zen.
Jendea Circulora kartetan jokatzera,
arratsalde pasa joaten zen.
Tabernan bazkideek zerbait
gutxiago ordaintzen zuten, eta ez
zirenak, gehiago.
1978an bazkide aktiboenek beste
izaera bat eman nahi zioten,
elkarte gastronomikoen erara.
Ordaintzen hasi behar izan zenean
jaitsi zen bazkide kopurua,
egungo 200eko muga jarriz. Candido
Arnanz kideak proposatuta
1980an elkartearen lehen krosa
jokatuko zen, gerora Alberto Barrikarte
oroimenekoa izena hartu
zuena eta abendu hasieran jokatzen
dena.
Festetan auzatea prestatzen
dute, beste elkarteek bezala. Haiekin
batera, adinduak ere bisitatzen
dituzte eguberrietan. Horretaz
gain, bazkideendako ardandegi
batera txangoa eta bestelakoak
antolatzen dituzte.
Gaur egun pare bat plaza edo
libre ditu elkarteak. Gizon eta
emakumeak dira bazkide. Azken
horiek 90ko hamarkada erdialdera
arte ezin izan zuten kide izan.
Gizon batek alabari bazkide plaza
utzi nahi izan zion eta juntak
atzera bota zuen. Hura inflexioa
izan zen eta emakumeak elkartean
sartzeko atea zabaldu zuen.
Otsailean, esaterako, elkarteko
presidentea aldatuko da eta, estreinakoz,
emakume batek hartuko du
presidentzia.
Gaur egun bazkide zaharrenak
1940ko hamarkadan sartuak dira.