Furgobirak bihar geldialdia eginen du

Guaixe 2010eko azaroaren 5a

Bihar eguerdian Altsasura iritsiko den Furgobira Ezker Soberanista Eraikitzen eta Hamaika Bil Gaitezen ekimenek antolatu dute. Azaroaren 13ra bitartean, astebururo, Nafarroa osoan "aldaketa politiko eta sozialaren aldeko" sinadurak bildu eta "indar ezkertiar eta abertzaleen artikulazioaren aldarrikapenean sakontzeko" eskaera zabalduko du. Horretarako herritarrek bi erakundeek prestatutako manifestu bati babesa emanen diote bere sinadurarekin. Ezker Soberanista Eraikitzen eta Hamaika Bil Gaitezen ekimenek ekainean Nafarroa Aldatzen dinamika jarri zuten martxan eta horren baitan adostutako manifestua Furgobiraren bidez gizarteratzen ari dira. Idatzian "Nafarroako egiazko aldaketa ekarriko duen elkarrizketa" eskatzen da. Aldaketa "sakona eta egiturazkoa" eskatzen du, "ezkerreko joera duena" eta proiektu guztiak "aukera berdintasunean defendatu eta gauzatzeko aukerarekin". Manifestuak, horretarako, "eremu abertzale, aurrerakoi eta ezkertiar osoaren artikulazio eta elkarlana" proposatzen du. Idatzian jasotzen denez, "herritarren elkarrekintza aldaketaren motorra" izanen da, horregatik parte hartzea aldarrikatzen da. Altsasun Herriz herri egindako geldialdietan Furgobirak manifestuaren aldeko sinadurak biltzearekin batera, bestelako ekimenak egiten ditu, herritarrek, antolatzaileekin auzolanean prestatuta. Bihar, esaterako, 11:00etan Altsasuko San Joan plazan jarriko da Furgobira sinadurak biltzen. Ondoren, handik Foru plazara mugituko da. Plazan12:30etikaurrerabildukodira sinadurak. Bitartean musika entzun eta hamaiketakoa dastatzeko aukera izanen dute sinatzera hurbiltzen direnek. Furgobiraren biharko geldialdia Sakanan eginen duen azkena izanen da. Aurretik Lakuntzan izan zen.