Gaur iritsiko da zinema aretoetara Helena Tabernaren azken lana, Nagore dokumentala. Altsasuarrak Valladolideko SEMINCI zinemaldian mustu zuen duela bi aste, harrera ederrarekin. Bere laugarren filma da, Yoyes, Extranjeras eta La Buena Nueva sarituaren ondoren. Filma 2008ko sanferminetan hil zuten Nagore Laffage Irungo gaztearen kasu ezagunean oinarrituta dago, eta horregatik ikusmina sortu du. Altsasuko zinemagilea "bigunkeriatik ihes egiten" saiatu da.FilmaAurreko filmetan bezala, errealitatetik abiatu da Helena Taberna. 2008ko sanferminetan hil zuten erizain gaztearen kasuan oinarritu da. Helena Tabernak bi istorio paraleloren inguruan eraiki du dokumentala: alde batetik, familiaren eta lagunen kontakizun emozionala dago, eta, bestetik, afera juridiko-poliziala. Dokumentalean presentzia berezia du Nagoreren amak, Asun Kasasolak. "Indar handiko emakumea da" dio altsasuarrak. Filmaren sortze prozesua gogorra izan da, "orain arte egin dudan filmik gogorrena" dio altsasuarrak. Hala ere, "pozik" dago emaitzarekin. Lamia Producciones enpresak ekoitzi du dokumentala.Gogoetarako bideaLaffage kasuak ez ohiko oihartzuna izan zuen komunikabideetan. "Horrelakoetan informazio asko eta berehalakoa zabaltzen dute komunikabideek, horren inguruan hausnartzeko denborarik eman gabe" dio Helena Tabernak. Altsasuko zuzendariak gogoeta sustatu nahian dokumentala egin du. "Dokumentu errealak daude filmaren oinarrian eta horrek indarra ematen dio kontatzen denari" dio zuzendariak. Kasu zehatz batetatik abiatuta, emakumeen aurkako indarkeriaren gaia landu du. Altsasuko zuzendariak "eztabaida gizarteratzea" nahi du. Gertakaria2008ko Iruñeko sanferminetako gertakaria dago filmaren oinarrian. Iruñeko Clinika Unibersitariako Psikiatria saileko mediku Diego Illanesek Nagore Laffage Irungo erizaintzako ikasle gaztea hil zuen. Kasuak samina sortu zuen Nafarroan eta, oro har, Euskal Herrian eta Estatuan. Epaiketak oihartzun mediatiko handia izan zuen. Iruindarrari gizahilketa egotzi zioten eta ez hilketa, familiak, instituzioek eta fiskalak eskatzen zuten moduan. Familiak justizia eskatzen jarraitzen du eta kasua Epaitegi Gorenera iritsi da.Altsasuko zuzendariak pantaila handira eraman du gertakaria, "ahaztu ez dadin". Sentsazionalismotik ihesi, dokumentalaren alde egin du.