Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Gazte Asanbladak bideoa aurkeztu du Euskadi Gaztearen lip dub txapelketara. Lip dub-a ikus-entzunezko mota bat da: kantu ezagun bat entzuten den bitartean, kamera batek plano sekuentzialean ibilbide bat egiten du, eta bidean jendearekin topo egiten du abesten, dantzan eta abar. Euskadi Gaztea irratiaren lip dub txapelketan 15 bideo daude lehian. 3000 euro dituzte jokoan.AGAk Vendetta taldeak Gaztetxearen 20. urtemugarako egindako 20 seinale abestia aukeratu du. Haren erritmoa jarraituz, Altsasuko Gaztetxeko txokoak eta Gazte Asanbladaren lana erakutsi ditu bideoan. Besteak beste, mahaiko elkarrizketa lasaia, sutondoko giro goxoa, taberna, kontzertuak, eraikinaren mantentze lanak, irratia eta liburutegia ageri dira. "Egunez zarata bultzatu dugu, kolorez berpiztu ditugu gauak" dio abestiak eta hori erakutsi dute bideoan. Etxekoen artean egin dute lana, grabaziotik hasi eta muntaketaraino. Izan ere, artista bikainak daude AGAn.Altsasuko Gazte Asanbladaren bideoak oihartzun ederra izan du web orrian. 12. postuan dago 3000 erreprodukzio baino gehiagorekin. Erredakzioa itxi zenean 1300 puntu inguru zituen. "Saria irabazi edo ez, egun ederra pasa genuen eta orain bideoa zabaltzea nahi dugu" azaldu digu Eider Leozek. AGAk bideoa ikusi eta bozkatzeko deia egin du.www.eitb.com/gaztea/lipdub-lehiaketa Bertan bideoa ikusi eta aldeko botoa eman daiteke. Azken eguna azaroaren 22a da.