Liburu zaharrari jabe berria

Guaixe 2010eko azaroaren 18a

Kima euskara taldeak Euskarazko Liburuen 2. Truke Azoka antolatu du. Altsasuko euskara taldeak etxeko liburutegia berritu eta idazle berriak ezagutzeko gonbitea egiten du. Domeka eguerdian jarri dute hitzordua Altsasuko Foruen plazan. Eguraldiak laguntzen ez badu, Gure Etxea eraikineko etxabean izanen da azoka.Altsasuko euskara taldeak udaberrian mustu zuen liburu azoka. Lehen saio hartan 215 liburu inguru trukatu ziren. Ekimenaren arrakasta ikusirik, neguaren atarian bigarren azoka antolatu dute. PausuakLiburu azokan parte hartzeko truke azokara eraman nahi diren euskarazko liburuak aukeratu eta bilketa puntuetara eraman behar dira. Trukean txartel bat jasoko du emaileak, beti ere txartel bakarra. Domekan altsasuarrek emandako liburu guztiak mahaitan ikusgai egonen dira. Liburu artean arakatu eta gogokoena aukeratu ondoren, jasotako txartelarekin trukatu ahal izanen da.Truke azoka despeditu eta gero libururen bat soberan geldituz gero, Kima euskara taldeak altsasuar berrien artean banatuko ditu, familia horiek euskarazko gutxieneko liburutegi bat izan dezaten.Liburu eta iritzi trukeaKimak altsasuarren artean euskarazko liburuen irakurketa bultzatu nahi du. Truke azokak etxeko liburutegia berritzeko aukera eskaintzen du, dohainik. Liburu truke gune hutsa baino gehiago izanen da igandekoa; euskaldunek elkarri liburuen eta idazleen berri emateko toki aproposa izanen da. Bilketa-puntuakIortia kultur gunea, Itsasi euskaltegia, LHko institutua, Kangu Udal Ludoteka, Iñigo Aritza ikastola eta Zelandi eskola publikoa. Liburuak gaur eguerdira arte jasoko dira.