Azaroa, bertsoaroa

Guaixe 2010eko azaroaren 19a

Bertso eskaintza paregabea dugu asteburuan Sakanan. Bertsoberriz Altsasun ziklotik Arakil aldeko Bertsoaldira, hitzekin jolas egiteko aukera ederra dugu asteburuan Sakanan. Puntako bertsolariakKima euskara taldeak Nafarroako Bertsozale elkartearen laguntzaz antolatuta, goi mailako bertso saioa izanen da bihar arratsaldean Altsasuko Iortia kultur gunean. Punta-puntako inprobisatzaileak igoko dira oholtza gainera. Alde batetik, Julio Soto eta Julen Zelaieta. Bestetik, Arabako Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre. Eta seikotea osatzeko, Sustrai Colina eta Andoni Egaña bertsolari apartak etorriko dira. Josema Leitza gai-jartzailearen esanetara ariko dira bertsotan. Iortia kultur guneko areto txikian izanen da bertso saioa. Beraz, esku hutsik geratu nahi ez duenak, hobe du sarrerak lehenbailehen hartzea.Bertsoberriz AltsasunBiharko saioak itxiko du 2010eko Bertsoberriz Altsasun zikloa. Bertso zikloak hitz jolasez busti ditu herriko festak eta feriak, bertso-poteo eta bertso-afariarekin. Goi mailako agurra emanen diote bihar zikloari.Bertsoaldia mustutzearBailararen beste aldean, Arakilen, bihar emanen diote hasiera Bertsoaldiari. Hiriberriko bertso-afariak irekiko du bertso zikloa. Bihar, 21:30etik aurrera giro ederra izanen dute Txitera elkartean. Sabela bete eta gero, bertsotan jarriko dira Estitxu Arozena, Iñigo Ibarra eta Iñaki Aleman. Bertso zikloak jarraipena izanen du datorren hilean: abenduaren 18an bertso-afaria izanen da Irurtzungo Iratxo elkartean Andoni Egañarekin eta Sebastian Lizasorekin. Ilbeltzaren 22an Imotzen sartuko da Bertsoaldia. Etxalekuko ostatuan bertso-afaria izanen da Jon Maiarekin eta Julio Sotorekin. Arakilgo Kultur eta Euskara Batzordeek, Aizpea euskara taldeak eta Tuxuri kultur elkarteak antolatzen dute Bertsoaldia. Hiru saioetara doazenek opari ederrak jasoko dituzte.