Otsoportilloko oroigarriari egindako erasoa salatu du udalak

Guaixe 2010eko azaroaren 18a

Asteartean egindako bilkuran Altsasuko Udalak frankismoaren oroimenez Otsoportilloko oroigarriari egindako erasoa salatu zuen. NaBaik, ezker abertzaleak eta Ezker Batuak adostu zuten testua onartu zen. PSN abstenitu egin zen. Altsasuko Udalak "gure herriari dagozkion askatasun demokratikoen aurkako erasotzat" jo du erasoa. Hura "gaitzetsi eta arbuiatu" du udalak. Horrekin batera, Altsasuko Udalak erakunde politiko eta judizialei erasoaren nondik norakoak erabat argitzeko ikerketa egiteko eskatu du. Altsasu Udalak auzi judizialik badago akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du. Oroigarria lehen zegoen bezala uzteko eskatu dio udalak natur parkeko patronatuari. Ardura bere gain hartzen ez badu Altsasuko Udalak bere gain hartuko lituzke, patronatuari lanen kostua ordaintzeko eskaerari uko egin gabe. Horretaz gain, udalak altsasuarrak deitu ditu "faxismoaren aurka eta biktimen alde lan egiteko". IkastolaBilkura berean, NaBairen eta ezker abertzalearen aldeko bozekin erabaki zen Iñigo Aritza ikastolarendako diru-laguntza handitzea. Adostutakoaren arabera ikastolak 53.000 euro jasoko ditu udaletik. Kopuru hori urtero KPIarekin eguneratuko da. PSN, Ezker Batua eta UPN erabakiarekin oso kritiko izan ziren. 90 hamarkada hasieratik laguntzen du udalak ikastola. Kopuru hori urtero eguneratzen joan zen 38.000 eurotara iristeraino 2006an. Orduz geroztik ez da eguneratzerik izan eta gainontzeko udal diru-laguntzen modura %33 txikitu da kopurua. Bitartean, besteak beste, Txioka haur ikastola zabaldu zen. 2008an, Txioka zabaldu aurretik, diru-laguntza 15.000 eurotan handitzea erabaki zuten NaBaik eta PSNk, baina erabakia ez zen gauzatu. HilerriaAltsasuko hilerria kudeatzen duena jubilatu eginen da. Ardura hori emateko udalak prozedura zabaldu du. Hamar egun daude eskaintzak aurkezteko.