Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Nafarroako Euskal Kantu Txapelketako finala jokatu zen Elizondoko Lur aretoan. Etxarri Aranazko eta Artika Berriko kanporaketetan nabarmendu ziren talde, bikote eta bakarlariak igo ziren oholtza gainera, tartean, Altsasuko Iaioak taldea eta Mikel Goñi bakarlaria. Adin guztietako 400 lagun bildu zituen final handiak. Giro ederra izan zen bai ikusleen bai abeslarien artean. Saio ederra eta anitza eskaini zuten musikariek. Berriki zendu den Jose Antonio Labordeta kantariaren Alborada abesti ezagunaren euskarazko bertsio hunkigarriarekin itxi zuten saioa.Kantuek sari-banaketari egin zioten lekua. Epaimahaiak sorkuntzan, era zaharrean eta era modernoan nabarmendu zirenak saritu zituen. Sariak Iruñerrira, Nafarroa iparraldera eta Erriberara joan ziren. Aipamen bereziak ere izan ziren, horietako bat Mikel Goñirendako. Epaimahaikide Amaia Domingezek altsasuarrak "kantuari emandako sentimendua" nabarmendu zuen.Honezkero amaitu da 2010eko Euskal Kantu Txapelketa. 22 parte hartzaile eta 25 kantu eder utzi ditu aurtengo edizioak. Nabarmena izan da emakumezkoen nagusitasuna (22tik 18) eta sormen lanen kopuru ederra. Beste horrenbeste ekarriko du datorren urteak.