Hilaren 14an Nafarroako 20 antzerki taldeko ordezkariak bildu ziren Iruñean, Antzerki Talde Amateurren Federazioa sortzeko prest. Bertan izan zen, besteak beste, Altsasuko Tarima Beltza antzerki taldea. Federazioa antzerki taldeen bilgune izanen da.HelburuakFederazioan bilduta, antzerki talde amateurren interesak defendatuko dituzte eta haien lana bultzatu, garatu eta zabaldu nahi dute.
Erakunde berriak antzerki taldeak erakunde publikoen aurrean ordezkatuko ditu. Era berean, helburuetako bat taldeen arteko hartu-emana handitzea da. Helburu horiek betetze aldera, federazioak antzerki eta kultura trukeak, jaialdi eta jardunaldiak eta formazio ikastaroak antolatu edota bultzatuko ditu. Nafarroako antzerki talde amateurren jarduerak artikulatuko ditu, Nafarroako erakunde publikoekin eta pribatuekin batera. Taldeen herrialdetik kanpoko jaialdietan parte hartzea ere bultzatuko da. Gainera, federatutako taldeendako diru-laguntzak lortzeko bideak aztertuko ditu.Eratu berri den batzordeak bideratuko ditu jarduera horiek guztiak.
Nafarroako 10 antzerki talde amateurretako kideek osatuko dute lehen batzordea. Horien artean dago Altsasuko Tarima Beltza taldeko Juan Manuel Herrero.20 antzerki taldek sinatu zuten akta konstituziogilea. Hurrengo hilabeteetan federazioan talde gehiago sartuko direla espero dute.
Aurrekariak
Nafarroako antzerki talde amateurrek bilkura egin zuten udan, Tafallan. Bertan, taldeen egoera salatu zuten. Norbere herrian jardutera mugatzearekin nekatuta, antzezteko lekuak, zirkuituak eta laguntzak eskatzen zituzten.Indarrak bilduta haien ahalegina eraginkorragoa izanen delakoan, federazioa sortu dute.
Herritik eta herriarendako
Antzerki talde amateurrek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratzen dute: "herritarrek kulturan parte hartzea posible egiten dugu, herritarrak antzerkira gerturatzen ditugu eta gure auzo eta herrietan beste modu batera bideragarriak izango ez ziren antzezlanak eskaintzen ditugu" diote. Horren adibide da Altsasuko Tarima Beltza taldea.
Altsasuko Antzerki Tailerretik sortu zen Tarima Beltza 2008an. Orduz geroztik, hiru antzezlan landu dituzte Jon Barbarin ihabartarraren zuzendaritzapean: Malumbres, No hay ladrón que por bien no venga eta ¿Habrá o no habrá función? antzezlanak. Lana sorterrian mustu eta gero, hortik kanpo antzezteko zailtasunak dituzte. "Ez dugu antzerkitik bizitzea nahi, baina antzerkia bizitzeko legitimitate guztia daukagu" aldarrikatzen dute antzezle amateurrek. Helburu horrekin sortu dute Antzerki Talde Amateurren Federazioa.