New Yorkeko rock olatuak

Guaixe 2010eko azaroaren 26a

Gaur gauerdian zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izanen da Altsasuko Gaztetxean. Atlantikoaren bi aldeetako taldeak igoko dira oholtza gainera: Donostiako Surfin Kaos eta New Yorkeko The Naked Heroes. Donostiako Surfin Kaos 2002an jaio zen. Punk-rock and roll hirukoteak berriki atera du laugarren diskoa. Freskotasun eta heldutasun handiko lana da. Rock and roll-a da nagusi, baina ikutu psikodelikoak eta surferoak ere baditu. Donostiarren olatuan igota, Brooklyneko The Naked Heroes taldea iritsiko da Altsasura. Merica Leek eta George Michael Jacksonek ez-ohiko bikotea osatzen dute. Bien artean paregabeko rocka egiten dute. Horren adibide da argitaratu berri duten "99 diamond" albuma. Taldea Blue Cheer edo Credence Clearwater Revival taldeen ondorengoak dira. Beraien lehen biran, penintsulako 10 hiri bisitatuko dituzte, tartean, Altsasu. 60ko eta 70eko rock olatuak blai eginen ditu sakandarrak.