Veleiako aurkikuntzaren argi-ilunak liburura

Guaixe 2010eko azaroaren 30a

Kalean da Alberto Barandiaranen azken liburua. Altsasuko kazetariak Iruña-Veleiako erromatar garaiko aztarnategian egindako aurkikuntzen eta horien inguruan sortutako polemikaren kronika xehe eta dokumentatua egin du. Horren emaitza da Veleia afera liburua.Veleia aferaIruña-Veleiako aurkikuntzek dantzan jarri zuten Euskal Herria 2006. urtean. Euskarari, kristautasunari eta erromatar garaiko historiari buruz ordura arte zeuden teoriak irauli behar zituen. III. Mendeko euskarazko idatziak, gurutziltzatu baten irudia, hieroglifoak eta beste Euskal Herriko eta are Europa mendebaldeko aurkikuntza arkeologiko handia izateko bidean zeuden. Baina zientifiko talde batek lehen ondorio haiek faltsuak zirela adierazi zuen. Eztabaida piztuta zegoen. Orduz gero, Iruña-Veleia aferak kate luzea ekarri du.Auzia argitu nahian, Alberto Barandiaranek indusketan lan egindako arkeologoekin hitz egin du, bertan aurkituriko grafitoen benetakotasuna eta faltsutasuna defendatzen duten txostenen edukiak jaso eta gaia kanpotik baina arretaz jarraitu duten espezialisten iritziak bildu ditu. Altsasuarrak arkeologia, epigrafia eta filologiazko argumentuak agertzen ditu alde eta kontra. Idazkera zehatz eta argiz, lekukoaren zintzotasunari uko egin gabe, irakurleari arrasto garbiak ematen dizkio, bere iritzia osa dezan. Bere iritziz balantzan pisu handiagoa dute piezak faltsuak direla dioten argudioek, nahiz eta oraindik faltsutzailerik ez den agertu. "Nik uste dut probatutzat eman daitekeela ez dela demostratu piezak benetakoak direnik. Egia da, bestalde, ez dela demostratu faltsuak direla. Horretarako faltsutzailea aurkitu behar da, eta oraindik ez da aurkitu" dio idazleak.Idazle oparoaAlberto Barandiaran altsasuarrak historia ikasketak ditu eta  lanbidez kazetaria da. Bertan egindako artikuluak sakontzeko nahiaren ondorio dira Veleia afera, Postkronikak (2009) eta Gazkileen faktoria (2000) liburuak. Horiez gain, Pasionaria (1998) liburu biografikoa, Ez zaigu ahaztu (1998), eta Mundu txikia (2005) narrazio liburua kaleratu ditu. Rikardo Arregi eta Argia kazetaritza sariak jaso ditu 1995ean eta 2008 urteetan hurrenez hurren.